Astindu handia hartuta itxi du urtea Juaristi ISBk

Andoni Elduaien 2022ko abe. 30a, 09:43

Nathan Hoover Hereda San Pablo Burgoseko jokalari bat defendatzen. (FEB)

85 eta 59 galdu zuen atzo, osteguna, Juaristi ISB Hereda San Pablo Burgos taldearen Coliseum Burgos kantxan (Burgos, Espainia). Urtea sailkapenaren azken postuan itxi du Mikel Odriozolak zuzentzen duen taldeak. Hurrengo partida urtarrilaren 7an jokatuko du Juaristi ISBk, Club Baloncesto Ourense taldearen kantxan, 19:00etan.

Juaristi ISBk jipoi handia jaso zuen atzo, osteguna, Hereda San Pablo Burgos taldearen etxean (85-59). Burgosko (Espainia) Coliseum Burgos kantxan aritu ziren Mikel Odriozolaren mutilak 9.000 ikusle baino gehiagoren aurrean, eta Endesa Ligatik jaitsi berria den taldeak gaur-gaurkoz ISB baino gehiago dela erakutsi zuen.

Etxeko taldeak jarri zion erritmoa neurketari. Etxeko jokalariak defentsan sendo aritu ziren, eta fin saskiaren aurrean. Kantxaren bi aldeetan gogor lan eginez, markagailua sakon ireki zuen Burgosko taldeak, hamar puntu bata bestearen atzetik eskuratuz. Juaristi ISBk, berriz, ia bost minutu behar izan zituen lehen saskiratzea lortzeko. Gauzak horrela, lehen laurdenaren amaieran bederatzi puntu behetik zen markagailuan ISB (23-14).

Sailkapenak sailkapen eta egoerak egoera, Juaristi ISBk beti erakutsi du orain arte borrokarako grina duela, eta, hein batean, saiatu zen atzo ere partidari bizirik eusten. Etxekoen aulkiko jokalariak kantxan zirela baliatu eta Odriozolaren taldea hiru puntura hurbildu zen bigarren laurdenaren hasieran, baina lehen zatia ez zuten nahi bezala amaitu. Etxekoek egoera iraultzea lortu zuten minutu gutxian, eta hamabost puntura urrundu ziren, defentsan estu hartu baitzuten ISBko jokalariak (44-29).

Partidan sartzeko aukera edo gako bakarra hirugarren laurdenaren hasieran Hereda San Pablo Burgos taldeari puntu iturria ixtea zen. Dena den, etxekoek lortu zuten markagailuan ihes egitea, eta ordutik aurrera ezinezkoa egin zitzaien ISBko jokalariei ezer egitea. Eroso aritu ziren Burgos taldeko jokalariak kantxan, eta hirugarren laurdenaren amaierarako erabakita utzi zuten lehia (64-43). Azken laurdenean ere defentsako kontzentrazioari eta intentsitateari eutsi zioten etxekoek, eta, guztia erabakita izanagatik ere, ISBrekiko zuten abantaila are gehiago handitu zuten. Amaieran, 85 eta 59, Hereda San Pablo Burgos taldea nagusi.

Juaristi ISB taldeko Nathan Hoover eta Ibon Guridi nabarmendu ziren atzo Burgosen. Estatubatuarrak 22 puntuko balorazioa eskuratu zuen hogei puntu saskiratuta. Guridi azpeitiarrak, berriz, hamahiru puntu saskiratu eta 21 puntuko balorazioa erdietsi. Hurrengo partida urtarrilaren 7an jokatuko du Juaristi ISBk, Club Baloncesto Ourense taldearen kantxan, 19:00etan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide