Sare Herritarrak urtarrilaren 7an Bilbon egingo duen manifestaziorako autobusa antolatu dute

Andoni Elduaien 2022ko abe. 29a, 19:05

Bilbon presoen alde egindako manifestazio bateko irudia.

Azkoitiko Latz tabernan jarriko dute autobuserako izena emateko papera. Izena ematea 10 euro ordaindu beharko dira papera betetzen den unean bertan. Urtarrilaren 7an egingo du Sare Herritarrak manifestazioa Bilbon.

Giza eskubideen eta konponbidearen aldeko Sare Herritarrak Bilbon egingo du aurten ere euskal presoen eskubideen aldeko urteroko manifestazioa. Etxera bidea gertu lelopean egingo dute aurtengo mobilizazio nagusia. Urtarrilaren 7rako jarri dute hitzordua; 17:00etan abiatuko da manifestazioa Bilboko kaleetan. Aurten, ordea, mahai inguru bat ere prestatu du Sare Herritarrak: ETAren, GALen, presoen sakabanaketa politikaren eta torturaren biktimak elkartuko dituzte bertan.

Azkoitiko Sare Herritarrak Bilboko manifestaziora joateko autobusa antolatu du herritik. Hain zuzen, manifestazioaren egunean 15:30ean abiatuko da autobusa Azkoitiko Julio Urkixo etorbideko geralekutik. Gaur zabaldu dute autobuserako izen-ematea, eta Latz tabernan jarri dute izen-emate orria. Azkoitia eta Bilbo arteko bidaia Azkoitiko Sare Herritarrak antolatutako autobusean egin nahi dutenek, urtarrilaren 5era arteko epea izango dute izena emateko. Izen-ematea 10 euro ordaindu beharko da, eta papera betetako unean bertan egin beharko da ordainketa.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide