Atzo, asteazkena, zabaldu zuten Azkoitian haurrentzako Gabonetako parkea. Ohi bezala, Elkarguneko kantxa nagusian jarri dituzte askotariko puzgarriak eta jolasak. Bihar bitartean izango dute herriko haurrek eta gaztetxoek hara joateko eta gozatzeko aukera.
Urtebetetik 12 urtera bitarteko umeentzako askotariko jolasak zein puzgarriak jarri dituzte. Sarrerek honako prezioa dute: egun osoko sarrerak bost euro balioko du; goizekoak, bi euro, eta arratsaldekoak hiru euro. Parkeak egun erdiak egin ditu; izan ere, gaur arratsaldean —16:00etatik 20:00etara— eta bihar, egun osoan —11:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara— zabalduko dute Elkarguneko kantxa haurrentzat.
Bideo-jokoen gunea
Aurten, ordea, beste parke bat ere zabaldu dute udalak eta Elkarguneak: bideo-jokoena. Elkarguneko Herriko Plaza aretoan jarri dute gunea eta hainbat gaztetxo ari dira han jolasean. Gaur, LH1-LH6 mailetako umeentzat zabaldu dute parkea, eta bihar, DBHko ikasleei zabalduko diete. Gune horretarako sarrera doakoa izango da, eta 11:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara artean zabalduko dute.