Bilboko hilketa matxista gaitzetsi dute eguerdian plazan

Andoni Elduaien 2022ko abe. 29a, 12:43

Eguerdian udaletxe atarian egin dute elkarretaratzea. (Andoni Elduaien)

Eguerdian udaletxe atarian elkartu dira udal ordezkariak eta beste zenbait herritar. Hamar minutuko elkarretaratze isila egin dute herenegun Bilbon jazotako indarkeria matxista "irmoki" gaitzesteko.

Gaur, osteguna, hamar minutuko elkarretaratze isila egin dute eguerdian herriko plazan. Udalak atzo deitu zuen elkarretaratzea gaur eguerdirako, eta hainbat udal ordezkarik eta herritarrek "irmoki" gaitzetsi dute herenegun, asteartea, Bilbon jazotako hilketa matxista.

44 urteko gizonezko batek 45 urteko emakume bat hil zuen astearte gauean Bilboko San Frantzisko auzoko taberna batean. Atzo, 09:00etan, ustezko hiltzaileak berak deitu die udaltzainei, eta atxilotu egin dute. Albiste agentziek emandako informazioaren arabera, gizona hildakoaren senarra da, baina Ertzaintzak ohartarazi du oraindik ez dakitela zein den biktimaren eta hiltzailearen arteko harremana.

Azkoitiko Udalak adierazi du indarkeria matxistak ez duela "tokirik" ez Azkoitian eta ez beste inon. "Horrelako ankerkeriak eta emakumeen aurkako bestelako indarkeria zantzu guztiak desagerrarazteko lanean jarraitzea premiazkoa da", adierazi du udalak. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide