Inozenteen Eguneko albistea

Lur azpiko pasabide bat aurkitu dute Nagusia 80 eraikinean

Amaia Andres 2022ko abe. 28a, 09:58

[Inozenteen Egunaren harira kaleratutako albistea] Eraikina zaharberritzeko lanetan zundaketa lanak egiten ari den Aranzadi zientzia elkarteak egin du aurkikuntza. Lehen datuen arabera, eraikinaren mendebaldean, Urola ibaiaren aldean, dago metro eta erdi zabal den pasabidea, eta "metro gutxi" egin daiteke aurrera oraingoz. Ikertzen ari dira bideak izan zezakeen jatorria.

Eliz atarian dagoen Nagusia 80 eraikinean lur azpiko pasabide bat aurkitu dute hura birgaitzen ari diren langileek. Urriaz geroztik, etxebizitzak egiteko zaharberritze lanak egiten ari dira Idiakez Ederra eraikinean, eta Campezo eta Teusa enpresako beharginak ez ezik, Aranzadi zientzia elkartekoak ere ari dira zundaketa lanak egiten; hain zuzen, azken horiek izan dira albistearen berri eman dutenak.

Iturri horren arabera, aurreneko solairuan zundaketa lanak egiten ari zirela lur azpiko pasabide bat aurkitu dute, eraikinaren mendebaldean, Urola ibaiaren aldean. Horien arabera, egun ez zegoen pasabidera igarotzeko biderik, lurrak hura guztiz estalita baitzuen. Aranzadiko Alfredo Morazak jakinarazi duenez, metro eta erdi bat zabal du bideak, eta gaur gaurkoz ikertzen ari da noraino iristen den. Izan ere, "metro gutxi" egin daiteke aurrera, bidea oztopatuta aurkitu baitute hogei bat metrora. Aurreratu dutenez, bideak ipar-ekialderako norabidea hartzen du; hau da, eliza aldera jotzen du metro horietan.

Oraingoz, ez dute xehetasun gehiago eman, eta jakinarazi dute "erakundeekin batera sakon aztertzen" ari direla aurkikuntza, hala nola pasabidearen jatorria, luzera eta hark izan zezakeen funtzioa.

Historia luzea du Nagusia 80 eraikinak. 1619an eraiki zuten, eta etxaurrean Olano eta Loiola etxe historikoen armarriak ikus daitezke. Besteak beste, San Inazio Loiolakoaren Etxearen Nagusigoaren jabetza adierazten dute armarri horiek. XIX. mendean, Karlisten gortea egon zen bertan, eta han ezkondu zen Carlos V.a erregegaia, 1838an, Beirako printzesarekin. Aurkitutako pasabideak garai eta gertaera horiekin zer lotura izan zezakeen aztertzen ari da Aranzadi.

Eraikinaren planoa.

Abenduak 28, 18:00: Maxixatzenek Inozenteen Egunaren harira kaleratutako albistea da hau.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide