Herri ingurua ezagutzeko eta lagun giroan mendi irteerak egiteko, Gure txokuk ezautzen izeneko ekimena jarriko dute martxan Anaitasuna Mendi Bazkunak eta herriko gazte talde batek. Elkarlanaren ondorioz sortutako ekimena da, eta hileko azken larunbatetan egingo dituzte mendi irteerak. Balda plazatik abiatuko dira mendi irteera guztiak, 08:30ean. Lehen mendi irteera Urtezahar egunean, abenduaren 31n, egingo dute, eta Kakuetara igoko dira orduan mendizaleak.
Ekimen irekia da, eta "zailtasunik ez dute" izango egingo dituzten mendi irteerek. Hori horrela, herritar orok parte hartzeko moduko ibilaldiak egingo dituztela gaineratu dute Gure txokuk ezautzen ekimenaren sustatzaileek. Era berean, jakinarazi dute herritarrek mendi irteerak proposatzeko aukera izango dutela. "Askotan, bakarrik ez joateagatik, etxean geratzeko joera dago. Taldean eta eguna zein ordua jarrita errazago atertzen gara etxetik", adierazi dute ekimenaren sustatzaileek.
Gaur-gaurkoz, bost mendi irteera antolatu dituzte, eta horiek hileko azken larunbatean egingo dituzte. Urtea bukatzeko Kakuetara igoko dira hilaren 31n; urtarrilaren 28an, Urrategi, Hirukurutzeta eta Karakate lotuko dituzte; otsailaren 25ean, Kukuherri eta Samiño ezagutuko dituzte; martxoaren 25ean, Izarraizko Bira egingo dute, eta maiatzaren 7an, Kakuetako egunean, Aitza, Bidegorria, Aittola eta Kakueta. Orduan, gainera, trikitilariek girotutako hamarretakoa eskainiko dute hango txabolan.
Hona hemen lehen lau mendi irteeren zerrenda:
- Abenduak 31: Balda plaza-Kakueta.
- Urtarrilak 28: Balda plaza-Urrategi-Hirukurutzeta-Karakate.
- Otsailak 25: Balda plaza-Kukuherri-Samiño.
- Martxoak 25: Balda plaza-Izarraitzko bira.
- Maiatzak 7: Balda plaza-Aitza-Bidegorria-Aittola-Kakute.