Urteko kirolari onena hautatuko dute bihar

Andoni Elduaien 2022ko abe. 22a, 09:00

Iazko sari banaketa ekitaldiko taldeko irudia. (Anartz Izagirre)

Bihar, ostirala, 2022. urtean gehien nabarmendu den kirolaria sarituko du Azkoitiko Udalak udaletxeko bilkura areto nagusian. Kirol diziplina ezberdinetako kirolariei aitortza egingo die erakundeak, eta botoen bidez erabakiko dute urteko kirolari onena.

Bihar, ostirala, ezagutuko da nor den 2022. urteko Azkoitiko kirolari onena; izan ere, Azkoitiko Udalak Kirolari Onena saria emango dio herriko kirolari bati. Udaleko bilkura areto nagusian egingo dute sari banaketa ekitaldia, 19:30ean hasita. Aurtengo urtean zehar kirol diziplina desberdinetan nabarmendu diren gizonen eta emakumeen lana txalotuko du udalak ostiralean, eta hautagai bakoitzak oroigarri bana jasoko du.

Guztira, hamazazpi kirol diziplinetako hautagaiak elkartuko dira udaletxean, eta batek lortuko du 2022. urteko Azkoitiko Kirolari Onenaren saria. Izendapena boto bidez erabakiko dute. Urtero legez, hautagai bakoitzak beste hautagai baten aldeko boto bana eman beharko du, udaleko ordezkariek bi boto eman ahalko dituzte. Ekitaldira bertaratzen diren komunikabideetako kazetari bakoitzak ere boto bana eman ahal izango du.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide