Tta-kun areto futbol taldeak Gipuzkoako Kopako finalerdia jokatuko du bihar Tolosan

Andoni Elduaien 2022ko abe. 22a, 09:00

Tta-kun taldeko bi jokalari, Elkargunean. (Tta-kun)

Tolosako (Gipuzkoa) Herrikide areto futbol taldearen aurka jokatuko dute azkoitiarrek Gipuzkoako Kopako finalerdia. Herrikide Gipuzkoako Lehen Mailako liderra da gaur-gaurkoz, eta Tta-kun Bigarren Mailako hirugarrena. 20:00etan hasiko da finalerdia, Tolosako Eskolapioak ikastetxeko kantxan.

Azkoitiko Tta-kun areto futbol taldeak Gipuzkoako Kopako finalerdia jokatuko du bihar, ostirala, Tolosako (Gipuzkoa) Eskolapioak ikastetxeko kantxan, 20:00etan. Tolosako Herrikide taldea izango dute arerio azkoitiarrek finalera eman beharrezko azken pausoan.

Tta-kun taldeak Mondrate taldeari 3 eta 0 irabazi zion final laurdenetako partidan, hain zuzen, Gipuzkoako Lehen Mailan lehiatzen ari den taldeari. Bihar ere Lehen Mailako aurkaria izango dute azkoitiarrek, baina ez nolanahikoa; izan ere, Lehen Mailako sailkapenaren buruan da gaur-gaurkoz Herrikide taldea.

Dena den, ez dira bakarrik arituko Tta-kun taldeko jokalariak Tolosan. Izan ere, areto futbol taldearen jarraitzaileek eta ingurukoek autobusa antolatu dute Tolosara eta 60 bat lagun inguruk eman dute izena. Animo eta babes faltarik ez dute izango, beraz, jokalariek.

Aurreko denboraldian ere paper txukuna egin zuen Patxi Bastarrikak zuzentzen duen taldeak Gipuzkoako Kopan. Final laurdenetara arte iritsi ziren orduan, eta Antiguoko taldearen aurka 2 eta 6 galduta gelditu ziren finalerdien atarian. Aurten, ordea, urrats bat harago egin du taldeak, eta finalerdietan sartzea lortu dute. Beste finalerdia Oiartzunek eta Aloña Mendik jokatuko dute, egun eta ordu berean.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide