Iban Larrañaga erremontista azkoitiarra Oriamendi2010 enpresaren Binakako Erremonte Txapelketaren finalera sailkatu da Beñat Segurola erremontista aizarnazabaldarrarekin batera. Joan den larunbatean, 40 eta 25 irabazi zuten Hernaniko (Gipuzkoa) Galarreta pilotalekuan Josetxo Ezkurra Ezkurra II.a eta Ibai Martiarenaren aurka.
Larrañaga nabarmendu zen lau erremontisten artean; izan ere, azkoitiarrak hemezortzi tanto egin zituen guztira partidan, erdiak sakez, eta beste erdiak, piloteoan. Segurolak eta Larrañagak osatutako bikotea izan da orain arte txapelketako onena, eta sasoi puntu onean daudela erakutsi zuten lehen faseko azken partidan; maila onean iritsiko dira bi lagunak finalera.
Lau puntu batu zituen bikoteak larunbatean; orotara, bikoteak hamahiru puntu eskuratu ditu ligaxkan. Orain, finalean aurkari izango dituzten erremontisten zain daude aizarnazabaldarra eta azkoitiarra. Ansa II.a-Juanenea eta Goikoetxea V.a-Barrenetxea bikoteek larunbatean jokatuko duten finalerditik aterako da bigarren finalista. Finala, berriz, abenduaren 29an, ostegunez, jokatuko dute Galarreta pilotalekuan.