Azkoitiko Udalak 2023ko aurrekontuaz eztabaidatuko du osteguneko ezohiko udalbatzarrean

Anartz Izagirre 2022ko abenduaren 20a

Azkoitiko udaletxearen irudi bat. (Andoni Elduaien)

Ezohiko udalbatzarra egingo du etzi, osteguna, Azkoitiko Udalak, eta besteak beste, 2023ko udal aurrekontuaz hizketan arituko dira bertan. 19:00etan izango da.

Azkoitiko Udalak 2023ko udal aurrekontua izango du hizpide etzi, osteguna, osoko bilkura aretoan 19:00etatik aurrera egingo duen ezohiko udalbatzarrean. Guztira, lau puntuko gai ordena izango du Udalbatzak, eta lehen puntua aurrekontuei eskainiko diete. Hain zuzen ere, 2023ko udal aurrekontua, San Jose egoitzarena, Zubiaurre-Elkargune institutuarena, Azkoitia Lantzen S.A.-rena eta aurrekontu kontsolidatua izango dituzte hizpide puntu horretan.

Horrez gain, Azkoitiko Udalaren dirulaguntzen 2023-2025 urte arteko Plan Estrategikoa izango da osteguneko udalbatzarrean eztabaidatuko duten beste puntu garrantzitsuetako bat.

Hona hemen gai ordena, osorik:

  • 2023 ekitaldirako Azkoitiko Udalaren, San Jose egoitzaren, Zubiaurre-Elkargune institutuaren eta Azkoitia Lantzen S.A.-ren aurrekontuak eta aurrekontu kontsolidatuaren hasierako onespena.
  • 2023 ekitaldiko Azkoitiko Udaleko langileen plantillaren eta lanpostu zerrendaren hasierako onespena.
  • Kreditu gehigarri bidez kredituak aldatzeko Azkoitiko Udaleko 8. zenbakidun espedientearen hasierako onespena.
  • 2023-2025 Azkoitiko Udaleko dirulaguntzen Plan Estrategikoaren onespena.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide