Irabazi egin du asteburuan Anaitasunaren emakumeen taldeak, eta berdindu gizonenak

Andoni Elduaien 2022ko abe. 19a, 09:00

Ion Izagirre Eibarren lortu zuen gola ospatzen. (Anaitasuna)

Etxetik kanpo aritu dira bi taldeak asteburuan. Emakumeen lehen taldeak 1 eta 3 irabazi zuen atzo arratsaldean Goierri Gorri taldearen aurka, Beasainen (Gipuzkoa). Gizonen lehen taldeak, berriz, bana berdindu zuen larunbatean Vitoria taldearekin, Eibarren (Gipuzkoa).

Anaitasunaren lehen bi taldeek etxetik kanpo agurtu dute 2022. urtea. Atzo, 1 eta 3 irabazi zuten emakumeek Beasaingo (Gipuzkoa) Loinaz futbol zelaian, eta larunbatean, bana berdindu zuten gizonek Eibarko (Gipuzkoa) Unbe zelaian Vitoriaren aurka. Arnasa hartzeko garaipena lortu zuen emakumeen taldeak, eta balio handiko puntua urratu zuen gizonenak.

Emakumeek bost asteko bolada txarra eten zuten atzo, igandea, sailkapenaren beheko aldean den Goierri Gorri taldearen aurka. Beasaingo Loinaz futbol zelaian jokatu zuten Mikel Barquerorenek, eta arnasa pixka bat hartzeko garaipena erdietsi zuten. Lehia maldan gora jarri zitzaien 18. minutuan etxekoek gola egin eta gero, baina June Diazek berehala berdindu zuen norgehiagoka. Banako emaitzarekin iritsi ziren Goierri Gorri eta Anaitasuna atsedenaldira, baina handik bueltan nagusi izan ziren gorritxoak. Bigarren zatia hasi eta segituan egin zuen bat eta bikoaren gola Maider Badiolak, eta arauzko 90 minutuetara iritsi baino minutu batzuk lehenago egin zuen azkoitiarren hirugarren gola Ane Arrizabalagak.

Gizonek, berriz, bana berdindu zuten txapelketako zelairik zailenetako batean. Lehia hasi eta 11. minuturako atzetik zen Anaitasuna, baina golaren ostean behin baino gehiagotan iritsi zen Anaitasuna aurkariaren atera. Erosoago aritu ziren Xabi Artetxerenak gerora, eta atsedenaldira iritsi baino minutu bat lehenago eskuratu zuen saria. Ion Izagirrek buruz lortu zuen etxekoen atea zulatzea. Bigarren zatian, abagune gutxiago izan ziren berdegunean. Baloia zuen taldeak ez zuen lortu aurkariak ezarritako lerroak nahi adina gainditzea. Oro har, baloiarekin txukun aritu ziren mutilak, eta baloirik gabe lan ona egin zuten.

Nola gizonek hala emakumeek etxean ekingo diote 2023. urteari. Urtarrilaren 7an edo 8an jokatuko dute urte berriko lehen lehia gorritxoek. Gizonek San Ignacio taldea izango dute aurkari, eta emakumeek Peña Athletic Santurtzi.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide