Azkoitiko kiroldegian jokatu zuen atzo arratsaldean azken jardunaldia Emakumeen Challenge Ligako Domusa Teknik ISBk Canoeren kontra.Joseba Lizarraldek gidatzen duen taldeak ezin izan zuen menderatu aurkaria; 48-56 egin zuten. "Borrokatu eta ahalegindu arren ezin izan diegu aurrea hartu", esan zuen partidaren bukaeran entrenatzaile azpeitiarrak.
Atzoko neurketa jokatuta, 2022-2023 denboraldiko lehen itzulia bukatu du Domusa Teknik ISBk. "Lehen itzulian bi partida irabazi eta hamabi galdu ditugu. Badirudi, baina, Olentzerok taldea indartzeko bateren bat ekarriko digula, eta bigarren itzuliari borroka eginez heldu beharra daukagu. Nik konfiantza guztia daukat jokalariengan", adierazi du Lizarraldek.
Hurrengo jardunaldia, bigarren itzuliko aurrenekoa, urtarrilaren 4an jokatuko du Domusa Teknik ISBk Zamoraren kontra.
Juaristi ISBk garaipena
Iraurgiko Urrezko LEB Ligako Juaristi ISBk ostiralean etxetik kanpo jokatu zuen Caceresen aurka, eta 60-86 irabazi zuen. Partidaren hasieratik bertatik goitik jarri ziren ISBko mutilak, eta partidaren bukaerara arte horri eustea lortu zuten; 14-19, 15-28, 15-16 eta 16-23. Mikel Odriozola Juaristi ISBren entrenatzaileak honela zioen partida bukatu berritan egindako agerraldian: "Azken asteak gogorrak izan dira guretzako, eta orain, partida bukatu berritan, ez naiz oso kontziente lortu dugunaz. Partida hasi orduko jarri gara aurkakoen gainetik, eta bukaera arte horri heldu diogu, lasaitasuna galdu gabe. Oso ondo egin dugu".
Hurrengo jardunaldia Azpeitiko kiroldegian jokatuko du Juaristi ISBk Palenciaren kontra. Datorren asteartean, abenduaren 20an, 20:45ean da partida.