Joan den igandean bukatu zen Durangoko Azokaren aurtengo edizioa, baina Zu non, han da! egitasmoaren barruan, hainbat liburu aurkezpen egiten ari dira Euskal Herriko zenbait liburu dendatan; abenduaren 23ra bitartean egingo dituzte. Egitasmo horren barruan, atzo arratsaldean, Maite Lopez idazle azkoitiarrak Amatu (Alberdania) liburua aurkeztu zuen Amaitz liburu dendan. Lopezek aurkezpen saioan herriko beste idazle bat izan zuen lagun, Iñigo Aranbarri.
Lopezek ekainean argitaratu zuen Amatu lana, bere aurreneko saiakera liburua. Haurdun zela hasi zitzaizkion amatasunari buruzko galderak idazleari, eta horiei erantzunak bilatu nahian sortutako gogoera liburua da.