Garaipena poltsikoratzeko beste aukera bat izan zuen atzo, asteazkena, Domusa Teknik ISB taldeak, baina ezin izan zuen punturik erdietsi Melilla Sport Capital La Salle taldearen aurka Elkargunean jokatutako partidan. Partidaren hasieratik irabazten hasi ziren melillarrak, eta lehen zatia 12-21 amaitu zen kanpoko taldearen mesedetan. Bigarren zatian, berriz, lehenengoan baino saskiratze gehiago lortu zituen Joseba Lizarralderen taldeak, baina ez zen nahikoa izan markagailua iraultzeko. Azken bi zatietan ere aurretik izan zen kanpoko taldea, eta azkenean, 53-76 amaitu zen partida, melillarren mesedetan.
Atzoko partida, berez, joan zen azaroaren 26an jokatu behar zuten —11. jardunaldia—, baina norgehiagoka atzeratu egin behar izan zuten, eta atzo izan zuten jokatzeko aukera. Etzi, zapatuan, izango du Domusa Teknik ISBk beste garaipen bat lortzeko abagunea, Sernova Renovables Real Canoe taldearen aurka neurtuko baititu indarrak, Elkargunean. 17:00etan izango da partida.
Une honetan LF Challenge ligako sailkapenaren azken bigarren postuan dago Domusa Teknik ISB, baina zapatuko partida irabazteak zulotik ateratzen laguntzeko bultzada txiki bat emango lioke Lizarralderen taldeari.