Jostailu hezitzailea kanpaina tarteko, Gurutze Gorria egoera zaurgarrian dauden haurrentzako jostailuak eta jokoak biltzen ari da azken asteetan. Kanpainaren bitartez 0 eta 18 urte bitarteko haurren jolaserako eskubidea bermatzea lortu nahi dute. Kanpainak aurrera jarraitzen du, eta ostiralean zein zapatuan, abenduak 16 eta 17, Azkoitiko Eroski supermerkatuan izango dira Gurutze Gorriko kideak jostailuak eta jokoak biltzen. Ostiralean, 15:30etik 19:30era bitartean jasoko dituzte jostailuak, eta larunbatean, 09:30etik 13:30era nahiz 15:30etik 19:30era. Erakundeak txeke solidarioak ere jasoko ditu bi egun horietan.
Gurutze Gorriak jostailu "ez-belikoak", "ez-sexistak" eta "heziketarako baliagarriak" jaso nahi ditu; izan ere, "errespetu eta lankidetza jarrerak" bultzatzea da haien asmoa. Eroski supermerkatutik kanpo ere izango da jostailuak emateko aukera. Horretarako, Azkoitiko Gurutze Gorriaren egoitzara joan beharko da (Ugarte Industrialdea). Informazio gehiago jaso nahi duenak, azkoitia.gizartezerbitzuak@cruzroja.es posta elektronikora idatzi beharko du, edo 617 60 09 16 telefonora deitu.
Dena den, erakundeak dohaintzak ere jasoko ditu, eta bildutako dirua egoera zaurgarrian dauden haurrentzako jostailuak erosteko baliatuko du. Gurutze Gorriaren webgunean, Bizum aplikazioaren 'Eman' atalean 01376 kodea sartuta, 900-10 49 71 telefono zenbakira deituta edota 38088 telefono-zenbakira Jostailu hitza idatzita telefono mezu labur bat bidalita egin daitezke dohaintzak. Bildutako dirua egoera zaurgarrian dauden haurrentzako jostailuak erosteko baliatuko du.