Burua altxatu ezinik jarraitzen du Juaristi ISBk

Andoni Elduaien 2022ko abe. 12a, 09:04

Juaristi ISBko jokalariak saskiratze baten bila. (Mikel 'Otola')

67 eta 76 galdu zuten atzo arratsaldean Mikel Odriozolaren mutilek Bueno Arenas Albacete Basket talde igo berriaren aurka. Sailkapeneko aurkari zuzen baten aurka aritu ziren gizonak Azpeitiko kiroldegian, eta orain, bi garaipenera urrundu zaizkie kontrarioak. Domusa Teknik ISBk ere galdu egin zuen larunbatean Baxi Ferrol liderraren etxean.

Juaristi ISBk bigarren garaipena eskuratu ezinda jarraitzen du. Atzo, igandea, 67 eta 76 galdu zuen Mikel Odriozolak zuzentzen duen taldeak Bueno Arenas Albacete Basket talde igo berriaren aurka, Azpeitiko kiroldegian. Berdinduta ekin zioten lehiari bi taldeek, eta hasierako minutuetan ISB aurretik ere izan zen markagailuan. Halere, bisitariek aurrea hartu zuten hamar minutuak betetzerako, eta hala amaitu zen laurdena (16-20). Bigarren laurdenaren hasiera ez zen inolaz ere ona izan ISBrentzat; izan ere, bisitariak markagailuan dezente urrundu ziren, 11 puntura ere bai tarte batean. Dena den, etxekoek aldea murriztu eta sei puntura gerturatzea lortu zuten atsedenaldiaren aurretik (33-39).

Aldageletatik buelta egin ostean iritsi zen etxekoen erreakzioa eta markagailuan gainera etorri zitzaion Odriozolaren taldea Albaceteko taldeari, 41 eta 43 jartzeraino. Horren ostean, baina, bisitariek hamar puntuko partzial handia lortu zuten, eta ihes egitea lortu zuten, hain justu 41-43 egotetik 41-53 egotera igaro zen lehia. Azken laurdenera zazpi puntuko errentarekin iritsi ziren bisitariak (46-53), eta puntu boladari dagokionez, antzekotasun handia izan zuen azken laurdenak hirugarrenarekin. Pixkanaka-pixkanaka ISB aurkariarengana hurbildu zen markagailuan, puntu bakar batera ere bai (65-66), baina amaieran kanpoko taldeak ihes egin zuen markagailuan, bederatzi puntuko errenta lortuz (67-76).

Atzo, Ibrahim Magassa hegaleko frantziarra izan zen Juaristi ISBko jokalaririk onena. Hamabost puntu saskiratu zituen hark, hamazazpi puntuko balorazioa lortzeko. Dena den, sailkapeneko azken postuan da Juaristi ISB atzoko porrota eta gero, garaipen bakar batekin. Aurkari zuzenenak, gainera, bi garaipenera urrundu zaizkie gizonei. Ostiralean, 20:45ean, Caceres Patrimonio de la Humanidad taldearen aurka arituko dira Caceresko (Espainia) Pabellon Multiusos Ciudad de Caceres izeneko pabiloian. Ostiraleko aurkaria hiru garaipenekin da sailkapenean, eta beraz, aukera ederra du Odriozolak zuzentzen duen taldeak bolada txarra eteten, eta hala aurkari horiengana guztiengana hurbiltzen hasteko.

Ezin liderraren etxean

Domusa Teknik ISBk, bestalde, Baxi Ferrol liderraren etxean jokatu zuen larunbat arratsaldean, eta 84-58 galdu zuen Joseba Lizarraldek zuzentzen duen taldeak. Pare parean hasi zuten lehia (18-15), baina handik aurrera aurkari handiegia izan zen Galiziako taldea ISBrentzat. Atsedenaldira hamar puntu goitik iritsi zen etxeko taldea, eta hirugarren laurdenerako erabakita utzi zuen norgehiagoka (59-36). Azken laurdenean, saskiratze ugari egin zituzten bi taldeek, baina amaieran partidako puntua liderrak bildu zuen.

Alazne Lizundia izan zen larunbatean Domusa Teknik ISBko jokalaririk onena. Hark hamabost puntu saskiratu zituen eta 11 puntuko balorazioa lortu zuen. Aste honetan hitzordu bikoitza izango du Domusa Teknik ISBk. Asteazkenean, 11. jardunaldiko neurketa jokatuko du 20:00etan, Elkargunean, Melilla Sport Capital La Salle taldearen aurka. Zapatuan, 17:00etan, jokatuko du ISBren emakumeen lehen taldeak, Azkoitiko Elkargunean. Sernova Renovables Real Canoe taldea izango dute arerio, sailkapenean bost garaipenekin den taldea —hiru garaipen ditu ISBk, guztira—. Hori horrela, beheko postuetako lehia estutzeko abagune ederra izango dute emakumeek aste honetan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide