Gero eta gutxiago falta da Gabonak heltzeko, eta Azkoitiko Parrokiako Espetxe Pastoraltzako kideek dagoeneko heldu diote aurtengo material bilketaren kanpainari. Askotariko materiala biltzen egongo dira datorren igandean hasi eta hilaren 16ra bitartean, Kantzelean, 10:00etatik 12:00etara. Martuteneko presoek gehien behar duten materialaren berri eman diete antolatzaileek herritarrei.
Honakoa da presoek beharrezkoak dituzten arropa zein bestelakoen zerrenda: barruko arropa berria, gizonezkoentzat kamiseta manga motzak, galtzerdiak eta galtzontzilloak; txandal galtzak, kamisetak eta kirol jertseak gizonentzat nahiz emakumeentzat; bainurako txankletak (39-44 zenbakien artekoak); kirol oinetakoak (39-44 zenbakien artekoak); turroi bigunak; tabako gorria eta metxeroak; A motako zigiluak, gutun-azalak eta boligrafoak, eta azazkal-mozteko txikiak.