Urola Bizirikek aurten jasotako ezkur eta gaztaina haziak landatu ditu asteburuan Munoaundin. Natur taldeko kideek, besteak beste, haritz, ametz eta artelatz ezkurrak landatu dituzte gaztaina fruituekin batera, haien arabera, "300 hazi inguru". Urola Bizirikek azaldu duenaren arabera, "landaketa hasiera batean auzolanean" egitea aurreikusten zuten, baina eguraldi euritsua tarteko, natur taldeko kideek egin dute landaketa.
Era berean, Urola Bizirikek jakinarazi du "laster" herriko baratze mintegian dituzten 400 landare gazte Munoaundiko lursailetan eta herriko beste zenbait lursailetan landatzeko asmoa duela. Landaketa "irekia" izango da, eta natur taldeak "aurrerago" egingo du ekintza horren deialdia. Nabarmendu du "eguraldia lagun" duten egun batean egingo dutela landaketa.