Anaitasunaren talde nagusientzat asteburu tristea izan da joan berri dena. Emakumezkoen Euskal Ligako taldeak ostiralean neurtu zituen indarrak Elorrioren aurka, etxetik kanpo, eta Azkoitiko taldeak ezin izan zuen punturik poltsikoratu. 38. minutuan sartu zuen Elorriok lehen gola, penaltiz, eta 44. minutuan iritsi zen bigarrena. Horrenbestez, 2 eta 0 galtzen iritsi zen Anaitasuna atsedenaldira, eta 73. minutuan egin zuen Elorriok hirugarren eta azken gola. Gaur-gaurkoz, hamahiru punturekin, sailkapeneko hamahirugarren postuan da Anaitasuna.
Euskaraldiari keinu egiteko ere aprobetxatu zuen partida Anaitasunaren emakumeen talde nagusiak. Hain zuzen ere, neurketa hasi aurretik, Euskaraldiaren hizkiekin argazkia atera zuten Elorrioko eta Anaitasunako jokalariek.
Gizonek ere galdu
Gizonen talde nagusiak, bestalde, Barakaldo liderraren aurka jokatu du aste honetako neurketa, gaur, etxetik kanpo. Gauza jakina zen partida zaila izango zela gaurkoa, eta azkenean, ezin izan du garaipenik eskuratu Azkoitiko taldeak.
Markagailuak 0-0 adierazten zuela iritsi dira atsedenaldira. Lehen zatian, aukera gutxi sortu dute bi taldeek; Barakaldok izan du baloiaren jabetza denbora gehienean, baina kontraerasoan izan dute aukeraren bat edo beste gorrixek. Dena den, 67. minutuan, Barakaldoren gola iritsi da, falta baten ostean. Anaitasunak amaierara arte borrokatu duen arren, ezin izan dute golik egin, eta beraz, punturik gabe itzuli dira Azkoitira. Une honetan, hamar punturekin, hamahirugarren postuan da Anaitasuna.