Atzo amaitu ziren Urola Bizirik natur taldeak antolatutako III. Ingurumen Jardunaldiak. Eñaut Agirrek eta Iñaki Sanz-Azkuek Euskara eta natura txirikordatuz hitzaldia eskaini zuten Elkargunean, eta hainbat herritarrek entzun zituzten bikoteak esandakoak. Gure faunari eta florari begira: ornodunak liburua oinarri hartuta aritu ziren bi hizlariak solasean, euskal gizarteak naturarekin izan duen harremanak utzitako ahozko ondarearen inguruan; besteak beste, kondairak edota sinesmenak jorratu zituzten.
Azaroaren 9an hasi ziren III. Ingurumen Jardunaldiak Urak aske dokumentalaren emanaldiarekin. Hilaren 10ean eta 11n, berriz, Javier Arenas azpeitiarrak ondutako Urola ibaia dokumentala ikusteko aukera izan zuten herriko ikastetxeetako ikasleek. Asteartean, berriz, Joserra Diezek Berezko basoen ekarpena hitzaldia eskaini zuen Azpeitian.