Iriaun Azkoitiko Napar Zuzterrak taldeak antolatuta, Iñaki Sagredok La batalla de Amaiur. La historia perdida de Navarra (Pamiela) liburua aurkeztu zuen atzo, asteartea, Elkargunean. Herritar ugari elkartu zen Zeharkako gelan Sagredoren hitzaldia entzuteko; izan ere, Sagredok bere azken lanaren gaineko xehetasunak eman zituen atzoko saioan.
Atzo aurkeztu zuen liburuan, besteak beste, Amaiurko gazteluaren jatorria zein den azaldu zuen, baita eraikin hark Nafarroaren konkistan zer eragin izan zuen ere. Gazteluaren protagonisten datuak eta estrategiak ere bildu ditu Sagredok liburuan, eta borroka historiko hura eskemen nahiz birsortze birtualen bidez aurkeztu du.