Azkoitiko Udalak Hirigintzako Arau Subsidiarioen aldaketaren berri emateko jardunaldi irekia deitu du azaroaren 24rako, osteguna. Aldaketa proposamena idatzi duen taldeak edukia azalduko du udaletxeko bilkura areto nagusian, eta herritarren galderei ere erantzungo die. 17:00etarako jarri dute hitzordua eta 19:00etara bitartean emango dituzte azalpenak.
Hirigintzako Arau Subsidiarioen bosgarren aldaketaren dokumentuari hasierako onespena iraileko udalbatzarrean eman zion udalak, eta egun, informazio publikoko epealdian dago. Arau Subsidiarioen bitartez, herriaren etorkizuneko eredua diseinatzen dute. Aldaketak, besteak beste, Txalonerrekako eta Intsaustiko esparruei eragingo die, dokumentu berrian jasoko baitute bi gune horien etorkizuneko diseinua zein izango den. Era berean, araudi orokorrean ere izango du eragina aldaketak.