Kanpai festarekin murgildu ziren atzo, San Martin egunez, izen bereko auzoko bizilagunak festetan, eta biharamunean, kirolak hartu du tartea auzoan. Zazpigarrenez, San Martin Mendi Lasterketa egin dute auzoko mendietan barrena, eta inoizko parte hartzerik handiena izan du helduen probak; izan ere, 105 lagunek eman dute izena mendi lasterketarako, eta proba ikusteko elkartu diren herritarrak ere ugariak izan dira. Aurtengoan, Oier Elortza azkoitiarra (30:10) eta Nerea Etxeberria (41:38) azpeitiarra izan dira probaren irabazleak, eta askotariko barazkiz osatutako saski bana eskuratu dute horiek. Dena den, horien aurretik beste hiru lagun iritsi dira helmugara, baina horiek nahastu egin dira ibilbidez, eta beraz, ezin izan dute sailkatu. San Martin mikologia elkartetik abiatu dira korrikalariak, eta 7,5 kilometroko eta 400 metroko desnibel positiboa zuen ibilbidea osatu behar izan dute. Ohi bezala, San Martin ermitan izan dute helmuga, eta korrikalari bakoitzak hango kanpaia jota amaitu du lasterketa.
Helduen lasterketaren aurretik, umeena jokatu dute, eta han ere dozenaka haurrek parte hartu dute. Hamarretakoa ere eskaini dute San Martin mikologia elkartean, eta primerako giroa nagusitu da eguerdira bitartean.