Abian dira Urola Biziriken III. Ingurumen Jardunaldiak

Andoni Elduaien 2022ko aza. 10a, 10:17

Zenbait ikasle, Urola ibaia dokumentala ikusten. (Javier Beristain)

Urak aske dokumentalaren emanaldiarekin hasi zituzten atzo III. Ingurumen Jardunaldiak. Datozen egunetan, dokumental emanaldiak nahiz hitzaldiak izango dira Azkoitian eta Azpeitian.

Atzo, asteazkena, hasi ziren Urola Bizirik natur taldeak antolatutako III. Ingurumen Jardunaldiak. Begoña Zubiak zuzendutako Urak aske dokumentala eskaini zuten Elkargunean, eta Artikutzan dagoen Enobietako (Nafarroa) eta Normandian dagoen Vezinseko urtegiak (Frantzia) nola hustu zituzten ikusi ahal izan zuten herritarrek.

Gaur eta bihar, berriz, Javier Arenas azpeitiarrak 2018an ondutako Urola ibaia dokumentala ikusiko dute herriko ikastetxeetako ikasleek. Urolaren historia eta ibaiak duen bizia kontatzen du lanak. Datorren asteartean jarraituko dute jardunaldiek; izan ere, hilaren 15ean, Berezko basoen ekarpena hitzaldia eskainiko du Joserra Diezek, Azpeitiko Baigeran, 19:00etan. Azaroaren 17an, berriz, Eñaut Agirrek eta Iñaki Sanz-Azkuek Euskara eta natura txirikordatuz hitzaldia eskainiko dute Azkoitiko Elkargunean, 18:30ean.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide