Samartinak ospatuko dituzte ostiralean eta larunbatean San Martin auzoan

Andoni Elduaien 2022ko aza. 8a, 09:26

San Martin ermitan ilara luzeak sortu ohi dira. Irudian, 2018ko San Martin eguna.

Ostiralean, ohi bezala, meza egingo dute auzoko ermitan, eta 467 urteko usadioari jarraituz, ehunka herritar igoko da hara kanpaia jotzera. Larunbatean, berriz, mendi lasterketa egingo dute goizean, haurrena lehenengo, eta helduena ondoren.

San Martin mikologia elkarteak antolatuta, San Martin jaiak ospatuko dituzte ostiralean eta larunbatean Azkoitiko San Martin auzoan. Ostiralean, usadio zaharrari jarraituz, ehunka azkoitiar igoko dira auzoko ermitara, eta han ermitako kanpaia joko dute. 11:00etan, gainera, meza egingo dute ermitan bertan.

Kanpaia jotzeko ohitura 1555. urtean hasi zen Azkoitian. Ekaitzak ekartzen zituen lainoak saihesteko asmoz hasi ziren urte hartako azkoitiarrak San Martin ermitan kanpaia jotzen; izan ere, 1555. urteko ekainaren 18an sekulako harri-erauntsia bota zuen herrian, hainbat baserritan eta etxetan kalte nabarmenak eraginez. Ermita dagoen tontorretik herrira etor zitekeen guztia ikusten zenez, San Martin ermita hautatu zuten azkoitiarrek, hango kanpaia joaz herriari abisua emateko. Etorkizuneko ekaitzak saihesteko, udaletxeak urte hartan bertan jarri zuen protokoloari jarraipena emanez, herritarrek kanpaia jotzeko ohiturari eusten diote 467 urte geroago ere.

Kanpaia jotzeaz gain, San Martin ermitako ondaregunea bisitatzeko aukera izango dute herritarrek ostiralean. Museoa zabalik egongo da, goizez 10:00etatik 14:00etara, eta arratsaldez, 16:00etatik 19:00etara. Munibe arkeologia taldeak, gainera, bisita gidatuak eskainiko ditu egunean zehar; 12:00etan egingo dute aurrena, eta bigarrena, 17:00etan.

Larunbatean, mendi lasterketa

Zapatuan, berriz, VII. San Martin Mendi Lasterketa egingo dute. Umeentzako eta helduentzako lasterketak prestatu dituzte; 10:40ean hasiko da haurrena, eta helduena, 11:00etan. 7,5 kilometroko eta 400 metroko desnibel positiboa duen ibilbidea prestatu dute. Helduen lasterketetan parte hartu ahal izateko, izena eman beharko da 10:00etan San Martin mikologia elkartean, eta 10 euro ordaindu beharko da izen-ematea.

Lasterketa irabazten duten gizon-emakumeek Kurutzia baserriak emandako produktuak jasoko dituzte. Era berean, antolatzaileek zozketak egingo dituzte lasterketan parte hartzen duten guztien artean. Lasterketa amaitu ondoren, Elkargunean dutxa hartzeko aukera egongo da, eta ondoren, hamarretakoa eskainiko dute San Martin mikologia elkartean.

2019an egindako mendi lasterketako irudia.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide