Anaitasunak beste puntu bat batu zuen atzo, larunbata, Txerloia futbol zelaian. Deusto taldearen aurka neurtu zituzten indarrak gorritxoek, eta oreka nagusitu zen zelaian. Sailkapenaren goiko aldean dabilen taldea da Deusto, eta gauzak zail jarri zizkion Xabi Artetxeren taldeari.
Arriskurik ez zuten hartu atzeko lerroan ez Anaitasunak eta ez Deustok. Erasoan, berriz, bi taldeak behin baino gehiagotan iritsi ziren aurkariaren area zapaltzera; halere, abagune arriskutsuak sortzeko zailtasunak izan zituzten biek ala biek. Garbiena, beharbada, Ander Pastrian izan zuen. Lan nekaezina egin zuen Anaitasunako aurrelariak, eta area ertzean baloia kontrolatu, bira erdia eman eta jaurti ostean zutoinaren aurka kolpatu zuen hark baloia.
Atsedenaldiaren ostean, deustuarrek izan zituzten markagailuan aurretik jartzeko aukerak. Gorritxoen akats baten ondoren, Deustoko aurrelariak Gorka Masach Anaitasunako atezaina atzean utzi zuen, baina azken unean gola ekiditera ailegatu zen Markel Eskurtza kapitaina; hori izan zen lehena. Bigarren aukeran, berriz, atezainak berak gelditu zuen baloia geldiketa ona eginda. Anaitasuna saiatu zen baloia Deustoren zelaian jartzen, baina oso arrisku gutxi sortu zuen.
Puntu banaketa justua egin zuten Txerloian. Anaitasunak sailkapenaren erdialdean jarraituko du hamar punturekin, jaitsiera postuetatik puntu gutxira. Datorren asteburuan, atseden astea izango dute gorritxoek. Hurrengo partida, Barakaldo liderraren etxean jokatuko du Artetxeren taldeak azaroaren 19an edo 20an.
Emakumeek, galdu
Anaitasunaren emakumeen lehen taldeak Erandion (Bizkaia) jokatu du gaur arratsaldean, eta gorritxek hiru eta huts galdu dute San Lorenzo zelaian. Neurketa bakarra galduta iritsi da Erandioko Betiko Neskak taldea Anaitsunaren aurkakora, eta gaur ere gauzak zail jarri dizkiote aurkariari.
Etxekoek goiz hartu dute aurrea markagailuan; 6. minuturako atzetik zen Anaitasuna. Orduerdia bete denean egin dute bigarren gola etxekoek, gorritxoei neurketa guztiz zailduz. Aldageletatik bueltan, parekatuagoa izan da lehia, baina norgehiagoka luzapenean sartzear zenean iritsi da bizkaitarren hirugarren eta azken gola. Amaieran, Erandioko Betiko Neskak taldeak 3, Anaitasunak 0.
Datorren asteburuan, sailkapeneko punta-puntan dabilen Alaves B taldearen aurka neurtuko ditu indarrak Mikel Barqueroren taldeak. 16:30etik aurrera, San Juan futbol zelaian jokatuko dute partida gorritxoek.