Denboraldiko bigarren garaipena lortu ezinik jarraitzen du Domusa Teknik ISBk

Julene Frantzesena 2022ko aza. 1a, 13:19

Domusa Tekniken gaurko partidako irudi bat. (Mikel Amenabar)

ISBko emakumeen lehen taldeak etxean jokatu du gaur norgehiagoka, 11:00etan hasita, Celta Zorka Recalvi taldearen kontra, eta Vigoko taldea nagusitu da, 52 eta 65. Sailkapeneko azkenaurreko postuan da Azkoitiko eta Azpeitiko taldea, zazpi jardunaldi jokatuta.

Gaur ere ezin izan du garaipena eskuratu Domusa Teknik ISBk, eta beraz, Emakumeen Challenge Ligako azkenaurreko postuan jarraitzen du Joseba Lizarralde Rubiok gidatzen duen taldeak. Etxean jokatu dute norgehiagoka, 11:00etan hasita, Celta Zorka Recalvi taldearen kontra, eta Vigoko taldea nagusitu da, 52 eta 65.

Aurretik hasi dute partida Domusa Teknik ISBko emakumeek; izan ere, sailkapena 15 eta 13koa zela bukatu da lehen laurdena. Bigarren laurdena ere estua izan da, eta 29 eta 28 aurretik zen ISB. Atsedenaren ostean, baina, behera egin du nabarmen taldeak; hirugarren laurdenean bederatzi puntu eskuratu ditu etxeko taldeak, eta hemeretzi galiziakoak: 37 eta 47 amaitu da. Laugarren eta azken zatian, berriz, indar pixka bat atera du Azkoitiko eta Azpeitiko taldeak, baina ez zaio aski izan garaipena eskuratzeko.

Denboraldiko hirugarren jardunaldian lortu zuen aurreneko garaipena ISBko emakumeen taldeak, eta harrezkero, ez du punturik batzerik lortu; gaurkoan, sasoiko zazpigarren partida jokatu dute. Asteburuan Cordoban jokatuko dute Domusa Teknik ISBko emakumeek; zapatuan izango da neurketa, 18:00etan. Sailkapeneko erditik atzerako postuetan da Andaluziako taldea, bi garaipen erdietsita.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide