Etzi, larunbata, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko (EAE) kide izendatuko dute Anton Ugarte. 12:00etan hasiko da ekitaldia Intsausti jauregian, eta ohi bezala, herritarrek izendapen ekitaldia bertatik bertara jarraitzeko aukera izango dute. Ugartek sarrera ikasgaia aurkeztuko du, Izenak besterik ez... XX. mendeko Donostiako eta Gipuzkoako kultur elkarteetako kideen datu base baterako oharrak (Euskalerriaren Adiskideen kasua) izenekoa.
Luis Elizegi EAEren Gipuzkoako presidenteak hasiko du ekitaldia Intsausti jauregian, eta Ugartek sarrera ikasgaia aurkeztu ondoren, Pedro Berriotxoa EAEko Adiskide Numerarioak egingo ditu harrera hitzak. Gainera, ekitaldian zehar musikak ere protagonismo berezia izango du.
EHUko Itzulpengintza eta Interpretazioan lizentziaduna da Ugarte, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) Historiari, Espazioari eta Ondareari buruzko Ikasketa Aurreratuak izeneko master ofiziala egin zuen. Era berean, Balioen Filosofia eta Gizarte Antropologiako doktoregoa du EHUn, azkena sari bereziarekin. Besteak beste, Euskaltzaindiaren Euskararen Historia Soziala egitasmoan eta erakunde horren Azkue Bibliotekan eta Artxiboan lan egindakoa da Ugarte, eta egun, liburuzain laguntzailea da Donostiako udal liburutegi sarean. Eusko Ikaskuntza, EWKE, San Telmo Museoa eta Miguel de Aramburu Gipuzkoako Historialarien Elkarteko kidea ere bada Ugarte.