Eskolako Agenda 2030 programaren bi urteko zikloa hasi dute ikastetxeek, eta beraz, Azkoitian ere "jasangarritasuna" lantzen jarraituko dute datozen hilabeteetan. Azkoitiko Udalak jakinarazi duenez, aurten Xabier Munibe ikastola ere gehitu da taldera, eta beraz, herriko ikasle guztiek parte hartuko dute 7. Garapen Jasangarrirako Helburua aztertzeko antolatu dituzten jardueretan.
Oraingo honetan, energian jarriko dute arreta Eskolako Agenda 2030 programan. "Energiarekiko dugun menpekotasuna hain da handia, nazioen artean arazo ugari sortzen dituela. Eztabaidarako eta gatazketan kontuan izaten den baliabidea da. Gero eta gehiago entzuten dira honako gai hauek: krisialdi energetikoa, larrialdi klimatikoa, migrazio klimatikoak, pobrezia energetikoa... Argi dago ezin dugula egun dugun kontsumoa mantendu". Auzi horri tiraka, kontsumo jasangarrian, energia iturri berriztagarrietan, energia subirotasunean edota energia komunitatean sakonduko dute ikastetxeek, Artelatz Ingurumen Zerbitzuak eskaintzen dien materialaz baliatuz.