Esteponak mendean hartu du Domusa Teknik ISB

Andoni Elduaien 2022ko urr. 24a, 10:16

Intza Lizarazu, saskiratzearen bila. (Mikel Amanabar)

Domusa Teknik ISB asko hurbildu zen markagailuan hirugarren laurdenaren amaieran, baina azken hamar minutuetan beraien aldera eraman zuten neurketa andaluziarrek. Juaristi ISBk ere galdu egin zuen Albaceten (Espainia), eta sailkapeneko beheko postuetan jarraitzen dute ISBren bi taldeek.

Domusa Teknik ISBk ezin izan zuen mendean hartu CAB Estepona Jardin Costa Sol taldea. Larunbatean, 61 eta 68 galdu zuen Joseba Lizarraldek zuzentzen duen taldeak Azkoitiko kiroldegian. Oker ekin zion neurketari ISBk, eta hirugarren laurdenean egindako lanaren ondoren partidan bete-betean sartu baziren ere, ez zuen denboraldiko bigarren garaipena eskuratzerik lortu.

Lehen laurdenaren ondoren, zortzi puntukoa zen aldea markagailuan (18 eta 24), eta bigarren laurdenean, gainera, abantaila handitu zuten andaluziarrek; atsedenaldira 11 puntu behetik iritsi zen Domusa Teknik ISB (31-42). Hirugarren laurdenean iritsi zen Lizarralderenen erreakzioa. Lana defentsan oinarritu zuen taldeak, eta bost puntu besterik ez zituen saskiratu kanpoko taldeak. Hala, ISB puntu bakar batera hurbildu zen markagailuan, guztia azken laurdenerako utziz (46-47). Gertu ibili zen arren, ISBk ez zuen garaipena eskuratzerik lortu, azken laurdenean andaluziarrek aukera gutxi eman baitzituzten.

Josephine De Barros nabarmendu zen etxeko taldeko jokalarien artean. 15 puntu saskiratuta, 19 puntuko balorazioa eskuratu zuen portugaldarrak. Intza Lizarazuk eta Sara Iparragirrek ere hamabina puntu lortu zituzten. Datorren igandean, 12:00etan, Vega Lagunera Toyota Adareva Tenerife izango du arerio. ISBren moduan, kanariarrek ere garaipen bakarra eskuratu dute bost partidetan.

Gizonek ezin Albaceten

Juaristi ISBk ere galdu egin zuen larunbatean Albaceten (Espainia). CB Almansa Con Afanion taldearen aurka neurtu zituen indarrak Mikel Odriozolaren taldeak, eta 80 eta 61 galdu zuen. Lehen eta hirugarren laurden kaskarrak egin zituen ISBk. Manex Ansorregi saskibaloi jokalari azkoitiarra nabarmendu zen ISBn, 13 puntu saskiratuta 19 puntuko balorazioa lortu baitzuen hark.

Datorren igandean, 18:00etan, oraindik garaipenik eskuratu ez duten bi talde nor baino nor gehiago arituko dira Azpeitiko kiroldegian. Juaristi ISBk Alimerka Oviedo taldea izango du aurrean. Sasoiko lehen garaipena eskuratu eta sailkapeneko beheko postuetatik burua ateratzen hasteko aukera izango dute bi saskibaloi taldeek.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide