Arnasa hartu du Anaitasunak Aurrera Vitoriari irabazita

Andoni Elduaien 2022ko urr. 24a, 09:00

Zenbait jokalari, Unai Aranbarriren gola ospatzen. (Anaitasuna)

Atsedenaldirako bikoiztu zuen markagailua Anaitasunak. Atsedenaldiaren bueltan, berriz, hiru jokalari egotzi zituen epaileak, gorritxoen bat eta bi gasteiztar, eta zelaian taldeak zuen nagusitasuna baliatuta, eroso aritu zen Xabi Artetxeren taldea. Emakumeek, berriz, 4 eta 0 galdu zuten Barakaldon.

Anaitasunaren gizonen lehen taldeak 4 eta 0 irabazi zion Aurrera Vitoriari herenegun, larunbata, Txerloian. Azken asteetako zalantzak uxatzeko aukera zuen Xabi Artetxeren taldeak, eta ez zuen hutsik egin taldeak. Gorritxoak goitik behera nagusitu ziren gasteiztarren aurrean; bi gol egin zituzten azkoitiarrek atsedenaldirako, eta beste bi bigarrenean.

Markel Eskurtza kapitainaren abagunearekin eman zion lehen abisua Anaitasunak Aurrera Vitoriari. Korner jokaldi batean, erdiko atzelariak langara bidali zuen baloia buruz errematea eginda. Gorritxoen lehen gola, ordea, hamazazpigarren minutuan iritsi zen. Jon Manuel Vegak ezker hegaletik egindako erdiraketan ez zuen hutsik egin Ander Pastrianek. Bigarren zutoinaren parean bakar-bakarrik egin zuen errematea aurrelariak, Anaitasuna markagailuan aurretik jarriz.

Mikel Aramendiren urruneko jaurtiketa eder bat kenduta, abagune gutxi sortu zituen Anaitasunak lehen zatian, baina atsedenaldira iritsi baino minutu gutxi lehenago egin zuen bigarren gola taldeak. Mikel Aramendik ateratako kornerra Unai Aranbarrik errematatu zuen lehen zutoinaren parean. Markagailuko aldea bikoizteaz gain, Aranbarriren golarekin bigarren zatian patxadaz aritzeko modua irabazi zuen taldeak.

Bigarren zatian, epailea ere protagonistetako bat bihurtu zen Txerloian; izan ere, berdeguneko hiru jokalari egotzi zituen. Aurrera Vitoriako erdilaria izan zen lehena, neurketako bigarren txartel horia ikusita. Anaitasunako Mikel Pastrian izan zen bigarrena, hari ere bigarren txartela erakutsita. Amaierarako ordu laurdena falta zenean, ostera, bisitarien aurrelaria bidali zuen aldageletara epaileak, hari txartel gorria zuzenean erakutsita.

Orduan iritsi ziren Anaitasunaren gol aukerak eta golak. 78. minutuan, Ander Arabaolazak bere oinetan izan zuen hiru eta hutsekoa; lehen saiakeran, zutoinaren aurka bidali zuen baloia, eta bigarrenean, atezainak egin zuen geldiketa. Hurrengo minutuan, ordea, ez zuen barkatu Anaitasunak, eta guztiz erabakita utzi zuen neurketa. Julen Aramendi ezker hegaletik sartu zen area ertzera, eta beste aldean bakarrik zegoen bere anaia Mikeli egin zion pasea. Hark, oinetan duen kalitatearen erakusgarri, baloia hartu eta loratu egin zuen atezainaren aurrean Anaitasunaren hirugarrena egiteko. Laugarren gola, berriz, amaitzeko minutu gutxiren faltan egin zuen etxeko taldeak. Berriz ere Julen Aramendik egin zuen jokaldia ezker hegalean, eta area barruan pasea atzera egin ondoren, Jon Iglesias Txistuk egin zuen taldearen laugarrena.

Anaitasuna Aurrera Vitoria baino hobeagoa izan zen larunbatean, eta behar beharrezkoak zituen merezitako hiru puntu poltsikoratu zituen taldeak. Garaipena erdietsita, sailkapeneko bederatzigarrena da Artetxeren taldea orain, zortzi punturekin. Datorren larunbatean, 16:30ean, Touring taldearekin neurtuko dituzte indarrak Errenteriako (Gipuzkoa) Fanderia zelaian.

Punturik ez Barakaldon

Anaitasunaren emakumeen lehen taldeak, bestalde, 4 eta 0 galdu zuen larunbatean Barakaldoko (Bizkaia) Serralta zelaian. Pauldarrak taldearen aurka neurtu zituen indarrak Mikel Barquero entrenatzailearen taldeak, eta markagailuak erakusten duen moduan, etxeko taldea Anaitasuna baino gehiago izan zen; ezer gutxi egin ahal izan zuten Anaitasunako emakumeek Barakaldotik punturen bat ekartzeko.

Datorren larunbatean, etxean arituko da Barqueroren taldea. Oiartzun 'B' taldearen aurka neurtuko dituzte indarrak Txerloia futbol zelaian, 16:30etik aurrera. Sailkapeneko erdiko postuak utzi eta berriz ere goiko taldeen artean sartzeko abagunea izango dute gorritxoek zapatuan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide