III. Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusiaren finalaurreko kanporaketa jokatu zuten atzo Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan 11 aizkolarik; tartean, Julen Alberdi Txikia IV.ak. Atzokoan lan onena egindako sei aizkolariek lortu zuten azaroaren 13an Bilboko Bilbao Arenan jokatuko den finalerako txartela, Txikia IV.az gainera, Mikel Larrañagak, Eneko Otañok, Ugaitz Mugertzak, Txomin Amundarainek eta Ibai Soroak.
Bina kanaerdiko, 60 ontzako eta oinbikoa moztu behar izan zituzten atzoko finalaurrekoan. Larrañagak egin zituen lanak azkarren, 18 minutu eta 46 segundoan lanak bukatuta. Haren atzetik, bigarren denbora onena, azkoitiarrak egin zuen, 20 minutu eta hiru segundoan egurrak ebakita, eta hirugarrena Otaño izan zen, 21 minutu eta lau segundoan egurrak moztuta.
Hamahiru aizkolarik parte hartu behar zuten atzoko finalaurrekoan, baina Aitzol Atutxak eta Jon Rekondok ezin izan zuten jokatu, osasun arazoak tarteko.
Sailkapena eta denborak:
1. Mikel Larrañaga (18:46)
2. Julen Alberdi Txikia IV.a (20:03)
3. Eneko Otaño (21:04)
4. Ugaitz Mugertza (21:46)
5. Txomin Amundarain (23:11)
6. Ibai Soroa (23:37)
7. Julen Larrea (23:57)
8. Jexux Mujika (24:27)
9. Ion Irazu (25:31)
10. Iñaki Azurmendi (26:01)
11. Arkaitz Jauregi (27:15)