Zubiaurre igeriketa klubak 30 urte beteko ditu aurten, eta egun taldea osatzen duten lagunek klubaren jaia ospatu zuten atzo, zapatua. Askotariko ekitaldiak egin zituzten igeriketa taldea osatzen duten haur eta helduek. Eguerdian, trikitilariek lagunduta, kalerik kale ibili ziren, eta ondoren Joseba jatetxean elkartu ziren bazkaltzeko; 150 lagun inguru bildu ziren.
Bazkalondoan, Azpeitiko Izarraitz igeriketa elkartekoen eskutik txapela jaso zuten Zubiaurreko kideek, "bi herrietako igeriketa kluben arteko elkarlanaren ikur gisa". Opari hori jasotakoan, "zubiak eraikitzearen garrantzia eta elkarrekin gauzak egiteko prestutasuna" nabarmendu zituen Pablo Dominguez Zubiaurre igeriketa elkarteko kideak. Segidan, jatetxean bertan Garazi eta Sala bikoteak euskal kanten kontzertu akustikoa eskaini zuen. Eta bitartean, haur jolasak egin zituzten herriko plazan.
Urtemugako ospakizuna bukatzeko, berriz, The Potes taldearen kontzertua izan zen herriko plazan.