Gorka Etxaniz Floreaga taldeko bola jokalari azkoitiarrak Euskal Herriko 32. Hiru Txirlo Bola Joko Txapelketako bigarren jardunaldia irabazi zuen joan den zapatuan, urriak 15, Markina-Xemeinen (Bizkaia). Herri horretako Barinaga bolatokian jokatu zuten proba, eta Etxanizek sei txirlo bota zituen.
Gaur-gaurkoz, Etxaniz laugarrena da txapelketaren banakako sailkapenean zortzi txirlo botata, lehen sailkatuak baino hiru gutxiago. Taldeka, berriz, seigarrena da Floreaga hamabost txirlo botata, lehen sailkatuak baino bederatzi gutxiago.
Guztira, sei jardunalditan erabakiko dute aurtengo txapelduna. Dagoeneko bi jardunaldi jokatu dituzte, eta beraz, beste lau falta dituzte jokatzeko. Azaroaren 19ra bitartean, larunbatero jokatuko dituzte jardunaldiak. Hain zuzen, Aramaioko (Araba) Untzillan, Ziortza-Bolibarko (Bizkaia) Iruzubietan, Leintz Gatzagan (Gipuzkoa) eta Aramaioko Etxaguenen jokatuko dituzte txapelketako azken lau jardunaldiak.