ISBren talde nagusiek kale egin dute asteburuan

Andoni Elduaien 2022ko urr. 17a, 09:06

Khadim Sy pibota atzo, baloiarekin. (Argazkia: Unai Murillo)

Juaristi ISBk atzo arratsaldean jokatu zuen UEMC Real Valladolid Baloncesto taldearen aurkako lehia Azkoitiko Elkargunean, eta hamar puntuko aldeagatik galdu zuen. Domusa Teknik ISBk, berriz, atsedenaldira arte eutsi zion Club Joventud Badalonari.

ISBren lehen taldeentzat asteburu gogorra izan da. Atzo arratsaldean, Azkoitiko Elkargunean jokatu zuen norgehiagoka Juaristi ISBk, eta 68 eta 78 galdu zuen UEMC Real Valladolid Baloncesto taldearen aurka. Modurik okerrenean ekin dio denboraldiari Mikel Odriozolak zuzentzen duen taldeak; izan ere, hirutik hiru galdu dituzte otsoek.

Lehen bi partidetan bezala, atzo ere oker sartu zen neurketara ISB, eta lehen hamar minutuak jokatzerako urrundu zen talde bisitaria (14 eta 24). Kanpokoek ondo lotu zituzten ISBren erasoko jokalari trebeenak, eta erasoan ere oso eraginkor aritu ziren Dominic Gilberten aginduetara. Bigarren laurdenean hobeto aritu zen ISB, bai taulapean eta bai defentsan. Vicent Gielen pibotak lan ona egin zuen erasoan, eta han aurkitu zuten Odriozolaren mutilek puntu iturri nagusia.

Atsedenaldira markagailuan atzetik joan ondoren (32-36), hirugarren laurdenean aurretik ere jarri zen Mikel Odriozolaren taldea. Nathan Hooverren saskiratzeek poztu egin zuten Elkargunea, eta defentsan ere ondo estutu zituzten aurkariak. Halere, kanpoko taldea pixkanaka-pixkanaka erasoan asmatzen hasi zen, eta ISBk erabaki txarrak hartu zituen azken minutuetan. Amaieran, bisitariek ordurako eskuratuta zuten errenta ondo kudeatzen asmatu zuten, ISB azken minutuetan garaipenerako aukerarik gabe utziz. Azkenean, Juaristi ISBk 68 eta UEMC Real Valladolid Baloncestok 78.

Vicent Gielen pibota nabarmendu zen atzoko partidan. 13 puntu eskuratuta, 17 puntuko batez bestekoa eskuratu zuen belgikarrak. Hala eta guztiz ere, jokatutako hiru partidak galdu ditu ISBk eta sailkapeneko azken-aurreko postuan dago. Datorren larunbatean, urriak 22, Albaceteko (Espainia) CB Almansa Con Afinion taldearen aurka jokatuko du Mikel Odriozolaren taldeak. 19:00etan hasiko da lehia. Urteko lehen garaipena ahalik eta azkarren eskuratu beharrean da ISB.

Emakumeak garaipenetik urrun

Badalonako (Katalunia) Club Joventud Badalona taldearekin neurtu zituen indarrak atzo eguerdian Domusa Teknik ISBk. Azkoiti-Azpeitiko taldeak atsedenaldira arte egin zuen borroka Badalonan; izan ere, atsedenalditik bueltan goitik behera nagusitu zen Kataluniako saskibaloi taldea.

Alazne Lizundia nabarmendu zen ISBn, 19 puntu saskiratuta 14 puntuko batez bestekoa eskuratuta. Datorren larunbatean, Azkoitiko Elkargunean jokatuko du Joseba Lizarralderen taldeak. 17:00etan hasita, Malagako (Espainia) CAB Estepona Jardin Costa Sol taldea izango dute arerio.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide