Areto dantzen Frantziako txapelketan parte hartu zuten Azpeitiko Dantzaki eskolako hainbat dantzarik joan den asteburuan. Senperen (Lapurdi) jokatu zuten txapelketa, eta eskola horretako lau bikotek parte hartu zuten lehian. Denen artean, zazpi lehen postu eta bigarrengo bat eskuratu zituzten, eta emaitzarekin "oso gustura" agertu dira dantzariak. Sarituen artean da azkoitiar bat ere: Juan Carlos Garcia aurrena sailkatu zen salsan nahiz bachatan, Ines Izagirre bikote zuela, 50 eta 60 urte artekoen kategorian.
Horiez gain, Dantzaki eskolako beste hainbat dantzarik ere eskuratu zituzten dominak. Uxoa Ibarreta eta Aritz Fernandez 18 eta 30 urtekoen arteko kategorian aritu ziren, eta haiek ere lehen postuak eskuratu zituzten salsan eta bachatan. 14 eta 18 urte artekoetan, Beñat Martxan eta Nora Sanz lehenak izan ziren salsan, eta bigarrenak bachatan. 10 eta 14 urte artekoen mailan, Peru Segurolak eta Maren Uriak garaipena lortu zuen salsan, eta Segurolak Libe Larrañagarekin, lehen postua eskuratu zuen bachatan.
Dantzaki eskolakoek hilabete barru izango dute hurrengo hitzordua. Hain zuzen ere, azaroaren 11-12ko asteburuan, Kantabriako (Espainia) txapelketa jokatuko dute, Torrelavegan.