Anaitasuna Mendi Bazkunak mendira irteera antolatu du urriaren 23rako Arabar Errioxako Toloño mendira (1.271 metro). Egunpasan parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute aurrez, eta datorren astelehenetik asteazkenera bitartean egongo da horretarako aukera Lopetegi iturgintzan. Anaitasuna Mendi Bazkunako bazkideek 40 euro ordaindu beharko dute autobusagatik eta bazkariagatik, eta bazkide ez direnek, 45 euro.
Urriaren 23an, 07:00etan abiatuko da autobusa liburutegi aurretik, eta Bastidara (Araba) zuzenduko dira; izan ere, herri hartatik abiatuko dira mendi ibilaldia egitera. 14 kilometro inguruko ibilaldi zirkularra eginez, Bastidan bertan amaituko dute txangoa. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, ibilaldian Arabar Errioxako "paraje zoragarriak" ikusteko aukera egongo da, hala nola "udazken kolorez dauden mahastiak eta pagadi zabalak. Mendi bueltan egin ondoren, gainera, hango jatetxe batean bertako menu tipikoa bazkalduko dute.