Domusa Teknik ISBk hirugarrenean lortu du denboraldiko lehen garaipena eskuratzea. Lehen bi jardunaldietan kale egin ondoren, atzo, asteazkena, Valentziako Picket Claret taldearekin neurtu zituen indarrak Joseba Lizarraldek zuzentzen duen taldeak Azpeitiko kiroldegian, eta 68 eta 56 irabazi zuten.
Lehen laurdena zazpi puntu goitik amaitu zuen ISBk —24 eta 17—, eta abantaila berarekin iritsi ziren atsedenaldira, bigarren laurdena 11na amaitu baitzuten —35 eta 28—. Aldageletatik bueltan ahalegindu ziren bisitariak errenta mozten, baina ISBko emakumeek ez zieten gehiegi hurbiltzen utzi valentziarrei. Hala, sei puntuko abantailarekin ekin zioten Lizarralderen neskek azken laurdenari —52 eta 46—, baina nagusi izan ziren amaieran ere. Amaieran, 68 eta 56, Domusa Teknik ISB nagusi izan zen Azpeitian.
Atzokoa egun berezia izan zen ISBrentzat; izan ere, Doltza Oiartzabal azpeitiarrak debuta egin zuen emakumeen lehen taldearekin. Hiru minutu jokatu zituen hark Picket Claret taldearekin. Hala eta guztiz ere, Josephine De Barros eta Juana Maria Molina nabarmendu ziren atzokoan ISBn, hurrenez hurren, 25 eta 20 puntuko balorazioa eskuratuta.
Juaristi ISBren porrota
Mikel Odriozolak zuzentzen duen Juaristi ISB taldeak 95 eta 69 galdu zuen atzo gauean, Melillan (Espainia). Atsedenaldirako ihes egin zion aurkariak ISBri, lehen hogei minutuak jokatu ondoren 49 eta 27 baitzen atzetik Azkoiti-Azpeitiko taldea. Hirugarren laurdenaren hasieran zerbait hurbildu zen Odriozolaren taldea markagailuan, baina berehala iritsi zen etxeko taldearen erreakzioa; 73 eta 55 amaitu zen hirugarren laurdena. Azken laurdena berandu zen Melillatik ezer ekartzeko, aldea 18 puntukoa baitzen. Gainera, etxeko taldeak abantaila handitu besterik ez zuen egin azken laurdenean.
Leyma Coruñaren aurka bezala, atzo ere Nathan Hoover nabarmendu zen Juaristi ISBn. 18 puntu saskiratu zituen hark, 20 puntuko balorazioa eskuratzeko. Era berean, Khadim Sy eta Manex Ansorregi azkoitiarrak ere 14 eta 13 puntu saskiratu zituzten, hurrenez hurren.