180 taldek eman dute izena 3x3 Futbol Festarako

Ane Olaizola 2022ko urr. 10a, 10:03

Atzo, igandea, itxi zuen izen-ematea Azpeitia Cup taldeak, eta jakinarazi duenez, 800 ume baino gehiagok parte hartuko dute 3x3 Futbol Festan. Hilaren 27an banatuko dituzte elastikoak.

Azpeitia Cup taldeak itxi du urriaren 29tik azaroaren 1era bitarterako antolatu duen 3x3 Futbol Festaren izen-ematea, eta jakinarazi duenez, guztira 180 taldek eman dute izena; hau da, 800 neska-mutilek baino gehiagok parte hartuko dute futbol festan. Antolatzaileen arabera, egun horietan Azkoitiko, Azpeitiko, Errezilgo, Zestoako, Urretxuko, Zumarragako, Zumaiako eta Zarauzko haurrak arituko dira herriko plazan futbolean.

Azpeitia Cupen hitzetan, "arrakasta biribila" izan du aurtengo 3x3 Futbol Festaren izen-emateak. Orain, talde bakoitzaren egutegia eta ordutegia zehazten hasiko dira antolatzaileak, eta www.azpeitiacup.com atarian emango dute horren berri. Era berean, hilaren 27an, ostegunez, banatuko dizkiete kamisetak parte hartzaileei. Azkoitiko eta Azpeitiko futbolariek Azkoitiko udaletxean jaso beharko dituzte elastikoak, 17:15etik 19:00etara bitartean, eta gainontzeko herrietakoei partiduaren egunean banatuko dizkiete.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide