Julen Alberdi 'Txikia IV'.a bigarren, Urrezko Aizkolari Txapeldunen Ligan

Ihintza Elustondo 2022ko urr. 9a, 14:37

Julen Alberdi 'Txikia IV'.a, artxiboko irudi batean.

Pobesen jokatu dute finala, eta Iker Vicente nagusitu da; 24 minutu eta 54 segundo behar izan ditu hark lanak amaitzeko. Garaileak baino 55 segundo gehiago behar izan ditu aizkolari azkoitiarrak. 

Urrezko Aizkolari Txapeldunen Ligaren finala jokatu dute gaur, igandea, Pobesen (Araba), eta Julen Alberdi Txikia IV.a azkoitiarra bigarren sailkatu da saioan. Iker Vicente nagusitu da, eta hark 24 minutu eta 54 segundo behar izan ditu lanak amaitzeko. Garaileak baino 55 segundo gehiago behar izan ditu Txikia IV.ak.

Azkoitiarraz gain, beste hiru aizkolari lehiatu dira finalean; Iker Vicente, Mikel Larrañaga eta Suharri Rodriguez, hain zuzen ere. Larrañaga hirugarren sailkatu da; Vicentek baino bi minutu eta hamalau segundo gehiago behar izan ditu hark lanak amaitzeko. Laugarren, berriz, Rodriguez sailkatu da; garaileak baino 11 minutu eta hogei segundo gehiago behar izan ditu hark.

Aurreko edizioetan gehien nabarmendutako aizkolariak lehiatzen dira Urrezko Aizkolari Txapeldunen Ligan. Aizkorako modalitate ezberdinetan, bost lan egin behar izaten dituzte saioko, eta guztien denboren baturak erabakitzen du sailkapena. Finalean, kanporaketa saioetan baino lan luzeagoa eta zailagoa egin behar izan dute aizkolariek. 45 ontzako enbor bat ahalik eta kolpe gutxienekin moztu ondoren, 45 ontzako beste bat etzanda, kanaerdiko bat zutik eta oinbiko bat etzanda ahalik eta azkarren moztu dituzte, bukaerako lan luzeari ekin aurretik; azken saio horretan, kanaerdiko bi enbor, 60 ontzako beste bi eta oinbiko bat moztu dituzte.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide