Euskadiko Ardi Txakurren Txapelketa irabazi du Gaizka Etxanizek

Andoni Elduaien 2022ko urr. 9a, 09:31

Gaizka Etxaniz, ezkerretik hirugarrena, txapela buruan duela. (Argazkiak: Artxarte)

Artzain azkoitiarrak eta 'Laster' txakurrak jantzi zuten atzo XXIV. Euskadiko Artzain Txakur Txapelketa. Zornotzako (Bizkaia) Jauregibarriako zelaietan jokatu zuten txapelketa artzain euskaldunek.

Gaizka Etxaniz artzain azkoitiarrak eta Laster txakurrak XXIV. Euskadiko Ardi Txakurren Txapelketa irabazi zuten atzo, larunbata, Zornotzako (Bizkaia) Jauregibarriako zelaietan. Guztira, zortzi artzainek parte hartu zuten bederatzi txakurrekin; izan ere, azkoitiarrak Laster eta Ira txakurrak izan zituen bidelagun atzoko txapelketan. 

Irailaren hasieran XXIII. Artzai Txakurren Arraza Libreko Gipuzkoako Txapelketa irabazi zuen Martirietako artzainak txakur berarekin, Zestoan (Gipuzkoa). Gipuzkoako txapeldunaren izenean aritu zen atzo Laster txakurrarekin, eta Gipuzkoako txapeldunorde bezala Ira txakurrarekin.

Azkoitiarraz gain, lehian aritu ziren Igor Elordi eta Lagun; Inaxio Etxeberria eta Mis; Juanjo Garate eta Tina; Javier Gastañaga eta Cool; Mikel Aizpurua eta Argi; Inaxio Irakulis eta Beltx; eta Juan Ramon Azkargorta eta Bat. Etxanizek lan ona egin zuen bi txakurrekin. Laster txakurrarekin txapela janztea lortu zuen Etxanizek, eta Ira txakurrarekin bosgarren sailkatu zen. Emozioz betetako txapelketa izan zen Zornotzakoa, eta azkenean, erlojuak erabaki zuen 2022. urteko txapelduna. 

Hona hemen sailkapena: 

  1. Gaizka Etxaniz eta Laster (Azkoitia)
  2. Inaxio Etxeberria eta Mis (Azpeitia, Gipuzkoa)
  3. Igor Elordi eta Lagun (Markina-Xemein, Bizkaia)
  4. Javier Gastañaga eta Cool (Antzuola, Gipuzkoa)
  5. Gaizka Etxaniz eta Ira (Azkoitia)
  6. Mikel Aizpurua eta Argi (Oiartzun, Gipuzkoa)
  7. Inaxio Irakulis eta Beltx (Zornotza, Bizkaia)
  8. Juanjo Garate eta Tina (Izurtza, Bizkaia)
  9. Juan Ramon Azkargorta eta Bat (Galdakao, Bizkaia)

XXIV. Euskadiko Ardi Txakurren Txapelketa datorren asteazkenean, urriak 12, ETB1ek eskainiko du 15:00etatik aurrera.

Etxaniz, txapela jantzi zioten unean. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide