Emakumeen garaipena eta gizonen berdinketa etxean

Andoni Elduaien 2022ko urr. 8a, 19:54

Leire Uzin, kontraeraso jokaldi batean. (Argazkiak: Andoni Elduaien)

Anaitasunaren emakumeen lehen taldeak bi eta huts hartu du mendean gaur Gasteizko San Ignacio taldea. Gizonen lehen taldeak, berriz, bina berdindu du Arrigorriagako (Bizkaia) Padura taldearen aurka.

Anaitasunaren lehen bi taldeek Azkoitian jokatu dute gaur. Emakumeek San Juan futbol zelaian jokatu dute Gasteizko San Ignacio taldearen aurka, eta denboraldiko bigarren garaipena eskuratu dute, bi eta huts irabazita. Gizonek, berriz, Txerloian jokatu dute joan den astean bezala, baina ez du lortu joan den asteko puntua ona egiterik; izan ere, bina berdindu dute Arrigorriagako (Bizkaia) Paduraren aurka.

Emakumeek neurketa gogorra jokatu dute San Juanen. Partida orekatua eta kontrolik gabekoa jokatu dute; biak defentsa lan onean oinarritu dira minuturik gehienetan. Erasoan, ordea, Anaitasuna gehiago izan da eta lehia etxeko jokalari gazteek erabaki dute gorritxoen aldera. June Diazek eta Alba Urtzelaik lortu dituzte Anaitasunaren bi golak, eta horrela, denboraldiko bigarren garaipena erdietsi dute Mikel Barqueroren neskek.

Hiru aste daramatza emakumeen lehen taldeak puntuak batzen. Duela bi asteburu, San Martin Hauskaitz taldea menderatu zuten Txerloian, orduan ere 2 eta 0. Joan den astean, berriz, bana berdindu zuten Eibarren aurka, eta gaur berriro lortu du irabaztea. Azken hiru jardunaldietan zazpi puntu batu ostean, beheko postuetatik aldendu eta erdian kokatu dira gorritxoak. Datorren asteazkenean, gainera, Ipar Arriaga Gasteiz sailkapeneko azken sailkatuaren etxean jokatuko dute, 12:00etan.

Arabaolaza, Padurako bi aurkariren artean. (Andoni Elduaien)

Xabi Artetxeren gizonen lehen taldeak joan den asteko zantzu berdinak erakutsi ditu gaurkoan ere. Ondarroako (Bizkaia) Aurrera taldearen aurka maldan gora jarri zitzaion partida berdintzea lortu zuen, eta gaur ere gauza bera egin du. 0 eta 2 atzetik jarri dira markagailuan gorritxoak. Atsedenaldiaren aurretik korner jokaldi batean egin dute lehen gola arrigorriagarrek, eta bigarren zatiaren hasieran penaltiz bigarrena. Hala eta guztiz ere, Ander Pastrianek eta Mikel Aramendik [sekulako gola egin du urrunetik] Anaitasunari puntua emateko golak egin dituzte.

Gorritxoek sailkapenean goian kokatzeko bi aukera on galdu dituzte etxean Aurreraren eta Paduraren aurka. Bost punturekin sailkapenaren erdiko postuetan jarraitzen du Anaitasunak, eta datorren asteburuan, Cultural Durango taldearen aurka jokatuko dute Durangoko (Bizkaia) Tabira futbol zelaian.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide