Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko adiskide izendatu dute Rafa Gorrotxategi gozogilea

Andoni Elduaien 2022ko urr. 8a, 14:18

Eguardian egin dute sarrera ekitaldia Intsausti jauregian. Luis Elizegi elkarteko presidenteak, Luis Mokoroa Gastronomiazko Euskal Anaiarteko presidenteak eta Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko adiskideak eta Gorrotxategi berak parte hartu dute saioan, beste zenbait musikarirekin batera. 

Rafa Gorrotxategi gozogile tolosarra Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko adiskide izendatu dute gaur, larunbata, Azkoitiko Intsausti Jauregian. Gorrotxategik txokolateari buruzko sarrera ikasgaia aurkeztu du jauregian, eta Luis Mokoroak sarrerako hitzak eskaini dizkio gozogileari. Luis Elizegi elkarteko presidentearen hitzekin hasi da ekitaldia, eta hark gogoratu du Rafa Gorrotxategi ez dela elkartean adiskide izendatzen duten lehen gozogilea; izan ere, Rafaren aita Joxe Mari Gorrotxategi ere izendatu zuten adiskide. 

Ongietorriko hitzen ostean, Euskal Herrian oso ohikoa ez den musika tresna baten doinuak entzun dituzte bertaratutakoek. Hain zuen, nyckelharparekin bi abesti eskaini ditu Xabier Zeberio musikariak; Ametsa eta Epel abestiak konposatu ditu hark. Ondoren hartu du hitza eguneko protagonista nagusiak: Rafa Gorrotxategik. Gozogile tolosarrak Euskaldunen kakaoaren arrastoaren bila izeneko ikasgaia aurkeztu du, eta txokolateak eta txokolategileek Euskal Herriaren garapenean izan duten garrantzia zein den nabarmendu du. Hain zuzen, txokolateari buruzko ikerketa historiko sakon bat aurkeztu du, gutizia bera nahiz txokolategileak abiapuntu eta bidaide dituena. Euskal Herriaren garapen ekonomikoan eta sozialean izan duten garrantzia ere azaldu du. 

Luis Mokoroa Gastronomiazko Euskal Anaiarteko presidenteak eta Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko adiskidea izan da hitza hartzen azkena. Hark sarrera hitzak eskaini dizkio gozogileari, eta gogoan izan du Joxe Mari Gorrotxategi ere. Mokoroak Joxe Mari aitarekin zein Rafa semearekin izan duen harremana zelakoa den azaldu du jendaurrean, beste hainbat konturen eta anekdoten artean. Mokoroa ezaguna da askorentzat; izan ere, hark bota izan du urte askoan Donostiako Aste Nagusia abiarazteko kanoikada.

Ekitaldia Iñaki Revuelta eta Jesus Etxebeste musikariek itxi dute. Bikoteak Xalbadorren heriotzean abestia eskaini du, batak abestia kantatuta eta besteak aho-soinuarekin doinua jarrita. Abestia amaitu bezain pronto izendatu dute adiskide Gorrotxategi; Mokoroak eman dio elkartearen diploma gozogile tolosarrari eta Elizegi presidenteak zintzilikatu dio lepotik adiskidearen domina. Amaieran, guztiak zutik, Agur jaunak abestu dute.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide