Juaristi ISBk porrotarekin ekin dio denboraldiari

Andoni Elduaien 2022ko urr. 9a, 10:00

Manex Ansorregi azkoitiarra, saskiratzearen bila. (Mikel Amenabar)

72 eta 87 galdu zuen Mikel Odriozola entrenatzaileak zuzentzen duen taldeak Galiziako Leyma Coruña taldearen aurka. Hein handi batean, lehen laurdeneko lanak eragin handia izan zuen amaierako emaitzan.

Juaristi ISBk nahi ez bezala ekin dio 2022-2023 denboraldiari. Herenegun, ostirala, Galiziako Leyma Coruña taldearen aurka neurtu zituen indarrak Azpeitiko kiroldegian, eta Mikel Odriozolaren taldeak 72 eta 87 galdu zuen. Entrenatzaileak berak aitortu zuen partidaren aurretik Coruñako taldea "goian ibiltzekoa" dela, eta hala erakutsi zuten bisitariek lehen laurdenean. 

Partidaren hasieran erabat urrundu ziren galiziarrak; izan ere, lehen laurdenaren amaieran hogei puntuko errenta zuten (13-33). Ordutik aurrera, Juaristi ISB aurkariarengatik gertuago ibili zen, iaz etxean erakutsi zuen ohiko parametroetatik hurbil. Hala eta guztiz ere, ez zion errenta nahi beste murriztu aurkariari, eta atsedenaldira 33-50 ailegatu zen neurketa. 

Odriozolaren taldea aukera guztiak bigarren zatiaren hasieran erre beharrean kantxaratu zen, baina Leyma Coruñak ez zion horretarako betarik eman; markagailuak 50 eta 70 erakusten zuela amaitu zen hirugarren laurdena. Azken hamar minutuetan gehiago izan zen ISB, eta markagailua zerbait txukundu bazuen ere, lehia borrokatzetik oso urrun gelditu zen.

Galiziarren aurkako partidan Nathan Hoover estatubatuarra nabarmendu zen Juaristi ISB. Hegalekoa izan zen etxeko taldearen saskiratzaile nagusia, 19 puntu saskiratuta. 21 puntuko balorazioa eskuratu zuen Hooverrek Leyma Coruñaren aurka, hala neurketako jokalari onena izendatu zuten. Juaristi ISBk Melilla Sport Capital taldearekin neurtuko ditu indarrak bigarren jardunaldian. Asteazkeneko 20:30ean jokatuko dute partida Melillako Javier Imbroda (Espainia) pabilioian. 

Juaristi ISBko talde teknikoa eta jokalariak, partida hasi aurretik. (Mikel Amenabar)

Emakumeek porrot bigarrenean

Joseba Lizarraldek zuzentzen duen Domusa Teknik ISBk, bestalde, galdu egin zuen atzo, larunbata, Vantage Towers Alcobendas taldearen aurka, 72 eta 63. Atsedenaldira aurretik iritsi zen ISB, baina handik bueltan markagailua irauli zuen etxeko taldeak. Azken laurdenera estu-estu iritsi zen lehia, baina madrildarrek garaipena lortzeko beste errenta lortu zuten azken hamar minutuetan. Sara Iparragirre (13), Alazne Lizundia (14) eta Josephine De Barros (18) izan ziren taldekide onenak atzokoan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide