Gaur arratsaldean hasiko dute haurrek XLVIII. Kontzejupeko Pilota Txapelketa

Andoni Elduaien 2022ko urr. 10a, 09:00

Kontzejupeko pilota txapelketako partida bateko irudia. (Artxiboa)

Arratsaldean ekingo diote txapelketari 12-13 urteko infantil mailako haurrek. Guztira, 87 lagunek parte hartuko dute datozen asteetan Oteiza pilota elkarteak antolatutako txapelketan. Finalak, ohi bezala, San Andres egunean jokatuko dituzte.

Gaur, astelehena, hasiko da XLVIII. Kontzejupeko Pilota Txapelketa. 17:15etik aurrera, infantil mailako binakako hiru partida ikusteko aukera egongo da udaletxe azpiko pilotalekuan. Oteiza pilota elkarteak antolatu du pilota txapelketa herrikoia, eta aurten 87 lagunek eman dute izena, iaz baino hamazazpi ume gehiagok. 

Parte hartzaileek Kontzejupean jokatuko dituzte partida guztiak. Hain zuzen, benjamin —2013 eta 2014 urteen artean jaiotakoak—, alebin —2011 eta 2012 urteen artean jaiotakoak— eta infantil —2009 eta 2010 urteen artean jaiotakoak— mailetako haurrak arituko dira txapelketan. Galtza zuriekin eta pilota goxoarekin jokatuko dituzte pilota partida guztiak, astelehenetik ostegunera bitartean. Txapelketako final guztiak San Andres egunean jokatuko dituzte. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide