Lur Usabiagaren ipuin kontaketarekin hasi du liburutegiak haurrei eta gaztetxoei zuzendutako ikasturtea

Andoni Elduaien 2022ko urr. 8a, 11:00

Usabiaga, atzo, Aizkibel liburutegian. (Andoni Elduaien)

'Kattalin txiki' ipuina kontatu zien haren jarduna zuzenean jarraitzeko elkartu ziren lagunei. 40 haur inguru elkartu dira lehen ipuin kontaketa saioan.

Atzo, ostirala, hasi zuen Azkoitiko Aizkibel udal liburutegiak haurrei eta gaztetxoei zuzendutako ikasturtea. Lur Usabiaga ipuin kontalaria izan zen liburutegian, eta hark Kattalin txiki ipuina kontatu zuen 40 haur ingururen aurrean.

Beste urte batez, era askotako aktibitateak egingo dituzte Aizkibel liburutegian; izan ere, ipuin kontaketa arruntak nahiz musikatuak, zientzia zein idazketa tailerrak eta itzalen bidezko haurrentzako txotxongilo laborategiak antolatu dituzte 2023ko uda bitartean.

Usabiagak atzo egin bezala, datozen hilabeteetan Lupe Lekuona eta Ines Bengoa ipuin kontalariak ere igaroko dira Aizkibel liburutegitik. Aldiz, Amelinek, batetik, eta Nerea Ariznabarretak eta Mariano Hurtadok, bestetik, ipuin kontaketa musikatuak aurkeztuko dituzte. Era berean, zientzia zein idazketa tailerrak eta itzalen bidezko txotxongiloen ikuskizuna ere izango dira herriko liburutegian.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide