Asteazkenean agerraldi kolektiboa egingo dute Elosuan zentral eolikoen aurkako Gipuzkoako taldeek

Andoni Elduaien 2022ko urr. 9a, 09:00

Elosua auzoan egingo dute agerraldia eolikoen aurkako taldeek.

13:00etan egingo dute agerraldia zentral eolikoen aurkako Gipuzkoako taldeek Elosuan. Azkoitiko Oletan ere Ez! taldeak eta Anaitasuna Mendi Bazkunak antolatuta, mendi eta bizikleta martxa egingo dituzte Elosura. 09:00etan abiatuko dira parte hartzaileak Altzibar auzoko Anaitasuna plazatik. Halaber, autobusa ere antolatu dute herritarrentzat auzora igotzeko.

Zentral eolikoen aurkako Gipuzkoako taldeek agerraldi kolektiboa egingo dute datorren asteazkenean, urriak 12, Elosuan. Azkoitiko Oletan ere Ez!, Azpeitiko Sañu Bizirik, Zestoako Sainu Bizirik, Bergarako, Elgoibarko zein Soraluzeko Karakate Bizirik, Urretxu eta Zumarragako Urretxu-Zumarraga Bizi!, Zizurkilgo Andatza-Ezkeltzu Bizirik eta Usurbilgo Andatza-Ezkeltzu Bizirik taldeetako kideak elkartuko dira Bergara eta Azkoitia arteko auzoan.

Hala eta guztiz ere, norbanakoek ere parte hartzeko aukera izango dute datorren asteazkenean, eta horren harira, mendi eta bizikleta martxa antolatu dute. Hain zuzen, 09:00etan abiatuko dituzte bi mendi martxak Azkoitiko Altzibar auzoko Anaitasuna plazatik. Anaitasuna Mendi Bazkunak lagunduta, bederatzi kilometroko bidea egingo dute oinez Elosura; herritik Aizpurutxora zuzenduko dira lehenengo eta handik Elosura. Mendi bizikletarekin, berriz, 20 kilometroko ibilbidea osatuko dute. Anaitasuna plazatik Aizpurutxora abiatuko dira txirrindulariak eta Aizpurutxotik Bastarriña aldera, handik Elosu gainera iristeko.

Oletan ere Ez! taldeak joateko eta itzultzeko autobusa ere antolatu du, ordea, herritarrentzat. 11:15ean Altzibarko Anaitasuna plazatik abiatuko da Elosura autobusa, eta 17:00etan itzuliko da handik berriro herrira. Autobusean bidaia egin nahi dutenek astelehen eguerdia baino lehen eman beharko dute izena 671 46 92 14 telefono zenbakira deituta.

12:30ean, Oletan ere Ez! taldeko kideek harrera egingo diete Gipuzkoako gainerako taldeei eta taldekideei. Orduan, mokadua egiteko aukera egongo da trikitilariek eta bertsolariek lagunduta; antolatzaileek parte hartzaileei bakoitzak bere edalontzia emateko eskatu diete. 13:00etan, agerraldi kolektiboa egingo dute auzoan, eta segidan, haize errota bat irudikatuko dute auzoan bildutako lagun guztiek zelai batean.

14:00etan, azkenik, bazkaria egingo dute auzoan bertan. Deitzaileek azaldu dute bakoitzak bere janaria eman beharko duela bazkarira. Tarte hori baliatuko dute, halaber, talde ezberdinetako kideak ezagutzeko eta ideiak elkarbanatzeko.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide