Asteburuan hasiko da Organo Erromantikoaren Nazioarteko XXIII. Zikloa

Mailo Oiarzabal 2022ko urr. 5a, 13:44

Bergarako Santa Marina parrokian aurkeztu dute gaur goizean aurtengo zikloa eta han izan da Sonia Vazquez, Azkoitiko Udaleko Kultura zinegotzia (argazkian, erdian). (Bergarako Udala)

Azkoitian, datozen hiru larunbatetan 20:00etan hasita emango dituzte parrokian aurtengo zikloaren hiru kontzertuak. Lidia Ksiazkiewicz organo-jotzaile poloniarrak emango du lehendabizikoa larunbat honetan, urriaren 8an. Rudolf Muller eta Maria Mokhova (Orgelduo Sprit) ariko dira urriaren 15eko emanaldian, eta hilaren 22an Ana Belen Garciak Easo abesbatzarekin emango duen kontzertuarekin osatuko dira aurtengo zikloaren Azkoitiko hitzorduak.

Urriarekin dator Organo Erromantikoaren Nazioarteko XXIII. Zikloa, eta gaur aurkeztu dituzte zikloaren xehetasunak Bergaran. Aurten ere hiru herritan izango dira organo kontzertuak: Azkoitian, Azpeitian eta Bergaran. Azkoitian eta Azpeitian hiruna kontzertu eta Bergaran lau egingo dituzte, hamar guztira, datozen asteburuetan. Kontzertu guztietan sarrera doan izango da.

Organo erromantikoaren bueltan urtero antolatzen duten nazioarteko zikloak musikari bat eta urteurren bat ekarriko ditu gogora. Cesar Franck konpositore belgikarra jaio zela 200 urte beteko dira abenduan, eta Francken omenezkoa izango da zikloa aurten. Hain zuzen ere, zikloko hamar kontzertuetatik ia denetan izango da Francken sorkuntzak entzuteko aukera.

Organo Erromantikoaren Zikloa Azkoitiko, Azpeitiko eta Bergarako udalek antolatzen dute, Fray Joseph Echevarria elkartearekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera. Gaurko aurkezpenean, zikloaren arduradunak "pozik" agertu dira hiru herrietako egitarauarekin, eta "zoriontzekoa" dela uste dute "hainbeste urtez zikloari eta zikloaren mailari eustea".

Lidia Ksiazkiewicz, hasteko

Azkoitian, datozen hiru larunbatetan 20:00etan hasita emango dituzte parrokian aurtengo zikloaren hiru kontzertuak. Lidia Ksiazkiewicz organo-jotzaile poloniarrak emango du lehendabizikoa larunbat honetan, urriaren 8an. Rudolf Muller eta Maria Mokhova (Orgelduo Sprit) ariko dira urriaren 15eko emanaldian, eta hilaren 22an Ana Belen Garciak Easo abesbatzarekin emango duen kontzertuarekin osatuko dira aurtengo zikloaren Azkoitiko hitzorduak.

Lidia Ksiazkiewiczek etzidamu emango duen kontzertuarekin hasiko da zikloaren Azkoitiko egitaraua. Francken eta Jehan Alain-en pieza banarekin irekiko du emanaldia poloniarrak, eta Astor Piazzollaren beste hiru konposiziorekin osatuko du kontzertua. Hainbat sari bereganatutako organo-jotzailea da Ksiazkiewicz. Gaur egun, Estrasburgoko Kontserbatorioan irakaslea da eta Frantziako Laon hiriko katedraleko organo handia jotzen du.

Egitarau osoa

Hau da Organo Erromantikoaren Nazioarteko XXIII. Zikloaren barruan Azpeitian, Azkoitian eta Bergaran izango diren kontzertuen zerrenda:

Azkoitia

Urriak 8, zapatua. 20:00etan, Amabirjinaren Jasokundearen parrokian, Lidia Ksiazkiewicz organista.

Urriak 15, zapatua. 20:00etan, Amabirjinaren Jasokundearen parrokian, Rudolf Müller eta Maria Mokhova organistak.

Urriak 22, zapatua. 20:00etan, Ama Birjinaren Jasokundearen parrokian, Ana Belen Garcia organista eta Easo abesbatza.

Azpeitia

Urriak 7, ostirala. 20:00etan, Loiolako basilikan, David Cassan organista.

Urriak 14, ostirala. 20:00etan, Loiolako basilikan, Loreto F. Imaz eta Itziar Urbieta organistak.

Urriak 21, ostirala. 20:00etan, Loiolako basilikan, Xabier Urtasun organista eta Rita Morais sopranoa.

Bergara

Urriak 8, zapatua. 20:00etan, Santa Marina parrokian, Aitor Olea organista, Bergarako Musika Eskolako haurrak eta Orfeoi Gaztea.

Urriak 15, zapatua. 20:00etan, Santa Marina parrokian, Alize Mendizabal eta Monica Melacova organistak.

Urriak 22, zapatua. 20:00etan, Santa Marina parrokian, Ignacio Arakistain organista eta Peio Irigoien txistularia.

Urriak 29, zapatua. 20:00etan, Santa Marina parrokian, organo ikasleen emanaldia.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide