Urrezko Aizkolari Txapeldunen Ligaren finalean lehiatuko da Txikia IV.a

Mailo Oiarzabal 2022ko urr. 4a, 08:24

Julen Alberdi 'Txikia IV'.a, erdian, zapatuan OƱatin jokatutako Gipuzkoako Txapelketan. (Aitor Agiriano/Goiena)

Jokin Urretabizkaia Basozabal gainditu zuen finalaurrekoan azkoitiarrak herenegun Bilbon, eta igande honetan Pobesen (Araba) jokatuko den finalerako txartela eskuratu zuen. Zapatuan, berriz, bigarren sailkatu zen Gipuzkoako Txapelketan.

Asteburu betea izan da joan dena Julen Alberdi Txikia IV.a aizkolariarentzat. Zapatuan, Oñatin, lehen mailako Gipuzkoako Txapelketa jokatu eta bigarren postuan sailkatu zen, Mikel Larrañaga azpeitiarraren atzetik; horrela, 2021eko txapelketarekin alderatuta, koska bat irabazi zuen, iaz hirugarrena izan baitzen.

Igandean, berriz, Urrezko Aizkolari Txapeldunen Ligaren finalerako sailkatu zen azkoitiarra. Bi multzotan banatuta, sei aizkolari lehiatu dira txapelketa horren sailkapen fasean. Iker Vicente, Larrañaga eta Txikia IV.a nor baino nor aritu dira multzo batean, eta Suharri Rodriguez, Hodei Ezpeleta Bihurri eta Jokin Urretabizkaia Basozabal, bestean.

Sei azikolari horietatik lau lehiatuko dira datorren igandean, urriaren 9an, Arabako Pobes herrian jokatuko den finalean: Vicente eta Rodriguez, beren multzoetako irabazleak izateagatik zuzenean sailkatuta; eta Larrañaga eta Txikia IV.a, beste bi finalistak erabakitzeko jokatu diren bi finalaurrekoetako irabazleak.

Larrañagak –bere multzoko hirugarrena– beste multzoan bigarrena izan zen Bihurriri irabazi zion irailaren 25ean Lantziegon (Araba). Eta herenegun, Bilboko Deustuan, Txikia IV.ak bereganatu zuen finalerako laugarren eta azken txartela. Azkoitiarra bigarrena izan da bere multzoan eta, horrenbestez, beste multzoan hirugarren gelditu denarekin, Basozabalekin, neurtu zituen indarrak igandean. Finalaurrekoan, ia bi minutuko aldea atera zion Txikia IV.ak aurkariari: 12 minutu eta 6 segundotan bukatu zituen lanak Azkoitikoak, eta 14 minutu eta 4 segundo behar izan zituen Basozabalek.

Urrezko Aizkoran aurreko edizioetan gehien nabarmendutako aizkolariak lehiatzen dira Urrezko Aizkolari Txapeldunen Ligan. Aizkorako modalitate ezberdinetan, bost lan egin behar izaten dituzte saioko, eta guztien denboren baturak erabakitzen du sailkapena. Finalean, kanporaketa saioetan baino lan luzeagoa eta zailagoa izango dute aizkolariek. 45 ontzako enbor bat ahalik eta kolpe gutxienekin moztu ondoren, 45 ontzako beste bat etzanda, kanaerdiko bat zutik eta oinbiko bat etzanda ahalik eta azkarren moztu beharko dituzte, bukaerako lan luzeari ekin aurretik; azken saio horretan, kanaerdiko bi enbor, 60 ontzako beste bi eta oinbiko bat moztu beharko dituzte.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide