Azkoitiko III. Berdintasun Plana lantzeko saio irekia egingo dute etzi Elkargunean

Anartz Izagirre 2022ko urr. 4a, 09:00

Udalak landuta du jada Berdintasun Planaren zirriborroa, eta dokumentua osatu ahal izateko herritarren ekarpenak jasoko ditu ostegunean. Berdintasun arloan interesa duen herritar orok izango du bilerara joateko aukera; 18:00etan izango da saioa, Elkargunean.

Azkoitiko Udalaren Berdintasun Saila Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako III. Plana lantzen ari da, eta dokumentu hori osatzeko bilera irekia egingo dute etzi, osteguna, Elkargunean. 18:00etan izango da saioa, eta berdintasun arloan interesa duen edonork izango du parte hartzeko aukera.

Erakundeak joan zen martxoan jarri zuen martxan plana osatzeko prozesu parte-hartzailea, eta ordutik hona II. Berdintasun Planaren balorazioa eta egoeraren diagnostikoa landu dituzte talde eragileekin, udaleko teknikariekin, langileekin zein herritarrekin. Dagoeneko osatuta dute III. Berdintasun Planaren zirriborroa, eta orain, dokumentua osatzeko xedez, herritarren ekarpenak bildu nahi dituzte etzi egingo duten saioan. Halaxe adierazi du Mertxe Zubillaga udaleko Berdintasun zinegotziak: "Denon artean planaren zirriborroa osatzea izango da helburua, ideiak, beharrak eta proposamenak jasoaz". Behin III. Berdintasun Plana onartuta, 2022. urtetik 2026. urtera bitarteko iraupena izango du.

Udalak nabarmendu duenez, Berdintasun Plan berri honetan kontuan izango dituzte EAEko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Planaren printzipioak zein lan estrategiak. Esate baterako, honako atal hauek izango dituzte aintzat: Gobernu ona, Emakumeen Ahalduntzea, Ekonomia eta Gizarte-Antolakuntza Eraldatzea Eskubideak Bermatzeko eta Indarkeria Matxista Gabeko Biziak.

Informazio gehiago behar duenak berdintasuna@azkoitia.eus helbide elektronikora idatzi dezake, edo, bestela, 943-54 20 14 telefono zenbakira deitu.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide